Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika

Baritonoa ez den baxua

Arkaitz Mendoza.
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Florian Boesch

Pianista: Justus Zeyen. Lekua: Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: abuztuak 25.

Lied errezitaldi preziatua eta miresgarria iritsi da gugana. Aditu edo pribilegiatu batzuentzat pentsatutako emanaldia zirudien, Viktoria Eugenia antzokia hutsik ikusita. Tamalgarria eta penagarria izaten da entzuleen jarrera horrelako ikuskizunak gozatzeko garaian; egunero orkestra edo izen handiak behar dira aretoak guztiz betetzeko? Antolakuntzak esfortzu galantak egin beharko ditu etorkizunean horrelako errezitaldi interesgarriek merezi duten garrantzia eta errespetua izan dezaten.

Florian Boesch austriarrak zabaldutako lied sortan argi asko nabarmendu zen baritono ahotsa definitzerakoan zailtasunak dituela,ahots baxuen taldean egokiago sailkatzen den hots korrontea baitu Boeschek. Erdi zein baxu eremuan inguratzaile, biribiltasunez, kolore interesgarriak hedatzen, nahiz eta goiko noten biribilketan iheskor eta irristakor aritu, lehenbailehen gauzatu beharreko kontuak balira bezala. Hala ere, emozioz beteriko hots printza ugari dastatu zituen austriarrak, Robert Schumannen kanta sortan Gustav Mahlerrenean baino distiratsuago eta erosoago, baina isiltasun osoan egon zen entzuleriak hainbat gozo aurpegi irudikatu zituen Boeschen egiteko zintzoari esker.

Ezin ahazteko eta goraipatu beharreko lana egin zuen Justus Zeyen pianista alemaniarrak. Nota zein melodia bakoitzari berezko txit koloretsua txertatuz, Boeschen hitzek adierazten zituzten sentipenak askatasun eta iradokizun betegarriz irudikatzen aritu zen errezitaldi osoan. Soinu aldaketak, geldiuneak, abeslariaren musika arnasaren xede bakoitzean hor genuen Zeyen, erne, adi, musika gozoari azken pintzelada txertatzeko prest. Mahlerren lied bilduman Der Schildwache Nachtlied (Ezkutariaren gau-kanta) eta Ging heut' morgens übers Feld (Gaur goizean soroetan ibili naiz) izan ziren miresgarrienak; aldiz, Schumannen partetik, Der Arme Peter (Peter gizajoa) ataleko bigarren kanta zein Schöne Wiege meiner Leiden (Nire nahigabeen sehaska ederra) abestia xuxurlari eta bihotzaldi kutunez dastatu zituen baxua den baritonoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.