KRITIKA. Antzerki musikala

Barañain-Broadway-Barañain

2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun

'Sutan'

Zuzendaritza taldea: Imanol Janices, Iratzu Zabalza, Eva Lopez de Lahoz, Idoia Asiron, Dabid Albira. Orkestrako zuzendaria: Martin Zulaika. Konponketak: Gorka Pastor, Koldo Pastor eta Eneko Aranguren. Tokia: Barañaingo Auditoriuma.Eguna: Maiatzak 6.

Fitxa teknikoan ezin ditugu 50 inguru lagunen izenak eman, baina esan gabe doa ohorezko espazio hori merezi dutela Sutan musikala sortu duten 12-16 urte arteko Jaso ikastolako ikasleek, beraiekin batera lanean parte hartu dutenhelduek zein Iruñeko Gazte Orkestrako musikariek. Zulogunea musikariz beteta; oholtza, berriz, aktore, kantari eta akrobatez horniturik, musikal handienen antzera, ikusgarritasuna eta emozioak nagusi izan dira airean zuzeneko musikak gidaturik. Horrela, ordu pare batez, Sutan musikalak Barañaingo auditoriuma Broadwayko antzoki bihurtu digu.

XX. mende hasierako Amerikako Estatu Batuetako fabriketako emakumezko jostunen aldarrikapen eta grebak ditugu testuinguru historikoa. 1909ko New York-en gaude, eta Clara Lemich sindikalista Triangle izeneko alkandora lantegian kokatu dute sortzaileek. Lankideak grebara ateratzeko konbentzitu nahian historia liburuetara jotzen du emakume boteretsuen adibideen bila. Horrela, muntaketa handienetan bezala, kontakizun nagusia eten, eta Whan Zeny, Kleopatra eta Marie Coulon-en garaira eraman gaituzte handitasun bisual handiz.

Eszenografia arloan maila profesionala daukate. Barrualdeko aldamio egonkorrak altuera ezberdinetako interes guneak barnebiltzen ditu. Taulan, jostunen tailerra; erdiko eskaileratik gora, aldiz, nagusien mundua eta lanaz kanpoko bizitzari dagozkion hainbat eszena. Horrek hala eskatzen badu, tramankulua olanaz jantzi eta bertan irudiak proiektatzen dituzte. Beste aldetik, Clararen bizitzan hain garrantzitsua den liburutegiko apalategiak irudikatzeko panel mugikorrak asmatu dituzte.

Oholtzako aurreko aldean zein atzean, gora eta behera dihardute antzezleek, mugikortasun erabatekoan. Musikaren exekuzioa zoragarria da. Baina, ai, une batean abeslarieimikrofonoak isildu zaizkie, beste momentu labur batzuetan soinuaren bolumenak isilago beharko zukeen. Eta horra hor, estreinaldietan ohikoak izaten diren hauek bezalako arazoei aurre egiteko aktorehauen erabakitasun txalogarria. Sustoa pasatuta, lanaren erritmoa miresten dugu, eta horretarako aukera bereziki ona iruditu zaizkigu prentsa saltzailearen joan-etorriak. Publikoa gustura. Amaiera aldean 1911n Triangelu lantegian gertatutako zorigaiztoko sutea antzeztu digute. Bertan, nagusiek irteerak itxita ehundik gora emakume eta hogei gizon inguru kiskalduta edota itota hil ziren. Narrazioko tarte gorena dugu, musikaren indarrean zein akrobazia trebez hunkitzeko diseinatua.

Badugu lagun bat musikalak gustuko ez dituena. Dena dirdirabaino ez dela uste duten intelektual ezkertiarhorietako bat. Nik kontra egiten diot, Broadwayko musikal engaiatuen zerrenda birpasa dezala. Oraingo honetan Sutan-en zer gertatzen den ikusi behar duela esango diot, Iruñeko ikasle Broadwayzale hauengandik asko dagoela ikasteko. Adibidez, horratx amaierako galdera: gu feministak gara, eta zuek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.