'Bake lehorra'
Konpainia: Tartean. Egileaeta zuzendaria: Patxo Telleria.Soinu-espazioa: Adrian Garcia de los Ojos. Jantziak: Nati Ortiz de Zarate. Argiak: David Rodriguez. Antzezleak: Mikel Losada, Aitor Fernandino. Lekua: Getxoko Muxikebarri kulturgunea.Eguna: Urriak 7.
Eszenako lehen lerroan hamar esekileku huts paratu dituzte Bake lehorra antzezlaneko bi aktoreek, eta haietan zintzilikatu garai bateko jaka eta txapel edo sonbreiru bana. Lau, karlisten aldeko pertsonaientzat, eta beste hainbeste, liberalen aldekoentzat. Gainontzeko biak gaur egungo kazetarientzat izan dira —PRESS idatzita zekarten txalekoek eta kaskoek—, horrela adieraziz gurean izandako gerrak modan daudela oraindik ere munduan zehar.
Baina ikuspegi horretatik abiatuta, bigarren karlistadaren amaieran kokatu du egileak kontakizuna: liberalen Serrano jenerala eta Bizkaiko Orue diputatu karlista mahai baten bueltan eseri dira azkenean, eta badirudi behingoagatik bakea sinatzeko prest daudela. Sinatu egin zuten, bai, baina geroak erakutsi zuen gatazkak —karlistada deitu zein ez— XXI. mendera arte gutxienez iraungo zuela.
Kutsu historizista horri nolabaiteko samurtasuna emateko, giza istorio batzuk tartekatu ditu Telleriak kontakizunean, berez antzerki dokumentala izan zitekeena drama gizatiarragoa bihurtuz. Bide horretatik, zenbait planotan banatu da ekintza, eta horrela gerraren parte izan zirenen bizipenak eta ikuspuntua jaso ditugu, jeneralengandik hasi eta herritar xumeengan bukatu, ofizial eta soldadu xeheak tarteko mailetan izan direla.
Esandako hamar esekilekuek emandako joko eszenikoaz gain, egurrezko mahai handi bat izan da protagonista, bake-mahaia izateaz aparte, barrikada, kanposantuko hilobi eta negoziazio gelako ate bihurtu baita unean uneko eszenetan. Bestetik, aipatzekoak dira jantzien egokitasuna eta musikaren bikaintasuna, kontuan izanda, gainera, gaiarekin lotutako kanta batzuk berreskuratu direla kasurako.
Hizkuntzari emandako tratamendua berezia izan da euskarazko bertsio honetan, narrazio historikoak euskaraz izan direlako, baina karlista eta liberalen arteko solasaldietan erdara nagusitu da, haietariko bakoitzean unean uneko karlistak euskarazko hitz batzuk esan arren. Bestetik, aurkikuntza polita iruditu zaigu bi jeneralek bake-mahaiaren inguruan pastoraletan bezala ibili eta deklamatu izana, baina izandako bi agerraldiak gaztelania hutsean izan dira. Pastoralak ere erdaraz ote? Suposatzen dut, konpentsazio moduan, gaztelaniazko bertsioan euskaraz arituko direla bi jeneralak tarte horietan.
Azkenik, bitxikeria bat Amorebietako itunaren kontura: Amorebieta-Etxanon, Zornotza aretotik hurbil, brontzezko mahai txiki bat dago, alboan aulki bi eta esekileku bat dituena, bake ituna parean dagoen Konbenio etxean sinatu zelako. Baina mahaiko hanka batetik barraskilo bat igotzen dago, metafora ederrean irudikatuz bakea hauskorra dela eta bere denbora behar duela.