Michel Portal / Dr. Michael White & The Original Liberty Jazz Band eta Trombone Shorty & Orleans Avenue
Lekuak: Principal antzokia eta Mendizorrotza kiroldegia.Eguna: uztailak 12.
Imanol Larzabalek Baionatik Bilbora doan itsasoaz kantatzen zuen, baina astearteko saioan bide luzeagoa egin genuen Gasteizko Jazzaldian, eta abiapuntua Aturriko hiri hori izan zen, bertako seme baten eskutik. Michel Portal ez da oso ezaguna Hego Euskal Herrian, baina ospe handiko musikaria da arlo klasikoan zein jazzaren munduan. Kontzertu honetarako, besteak beste, Ambrose Akinmusire tronpeta jotzaile gaztearen lankidetza izan du. Adinean ia 50 urteko aldea egon arren, bi musikari horiek sintonia harrigarria erakutsi zuten. Estandarra aurkezteko orduan, Portalen saxoaren notak gozo, leun, eder eta melodiko iristen zitzaizkigun, baina gizon honek badaki aurrera egiteko galderak egin behar direla, eta bere mundu akustikoan galderak egiteak soinuaren mugak esploratzea esan nahi duela. Hortik, tema bakoitzak aurrera zihoan heinean, hasierako gozotasuna ilundu egiten zen eta notak gogortu, zakartu, disonante eta deseroso bihurtu, abangoardiako artista klasikoek (Pierre Boulez, Ligeti, Stockhausen eta besteak) hasitako bidea bere eginez.
New Orleansera eraman gintuen Mendizorrotzako giroak, Michael White doktorearekin. Denboran 60 urte egin genuen atzera eta musikari horren fineziak Mississippiko hiri horri ospea eman zizkion erritmoak ekarri zituen. Swing, foxtrot, desfileak eta jazzaren sorrerarekin identifikatzen ditugun estiloak jorratu zituzten oholtza gainean eman zuten denboran, umoreari tarte zabala utziz eta azalpenak gaztelania txukunean emanez. Gustura entzun genuen kontzertu osoa, baina azpimarratu behar da Whitek Summertime pieza ezagunaz egin zuen interpretazioa, garbia eta sentibera. Basin Street Blues eta Gypsy Second Line ziren kontzertuaren beste bi pieza gogoangarri.
Baina New Orleans hiria ez da lo gelditu hamarkada hauetan eta proposamen ausartak eta gaurkotuagoak egiten dituzten musikari gazteak ere eskaintzen ditu gaur egun. Haietako bat, eta ez nolanahikoa, Trombone Shorty (Troy Andrews du benetako izena) da, Mendizorrotzako saioa itxi zuen musikaria. Oso musikari gazteez osaturiko banda indartsu batekin etorri zen eta hasieratik nabarmendu zen mutil honen trebetasuna tronboia eta tronpeta jotzeko. Backatown diskoko piezak jo zituzten eta beraien artean diskoa zabaltzen duen Hurricane Season nabarmendu behar da, interpretazio sendoa eta entzuleen gustukoa egin zutelako. Mutil hau musikari aparta izateaz gain, benetako showman bat dela agerian utzi zuen. Ikusleak berehala irabazi zituen break-danceko urrats batzuekin, nota bat lau minutuz iraunaraziz (albokarien teknika erabiliz), salto batean jende artera jaitsiz eta beraiekin abestuz, eta abar. Ordurako, festa giroa zen nagusi funky estiloa garatu duen eta etorkizun interesgarria duen banda honi esker.
Kritika. Gasteizko 35. Jazz Jaialdia
Baionatik New Orleansera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu