KRITIKA. Artea

Aztarnak

Irati Gorostidi eta Mirari Etxabarri, Gasteizko Artium museoan; San Simon 62 filma ikusgai dago bertan. RAUL BOGAJO / FOKU.
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun

Mirari Etxabarrieta Irati Gorostidi.'San Simon 62'

Non: Gasteizko Artium museoan. Noiz arte: ekainaren 18ra arte.

Artiumeko Z aretoaren erakusketa ereduak bi espaziotan banatu ohi dira. Artelanak, dokumentuak, irudiak... biltzen dituena eta nolabait hurrengo espazioan aurkeztuko zaigun horretarako prestatzen gaituena da lehena. Bigarrena, berriz, ikus-entzunezkoak ikusgai izaten dituen zinema aretoa da.

Eredu horri eusten dio, nolabait, Irati Gorostidik eta Mirari Etxabarrik elkarrekin egindako filma erakusten duen erakusketak. Oraingoan, filma ikusteko bidean aurkezten zaigun espazioak aztarna soil bat erakusten digu bakarrik: espazioa banatzen duen gortinaren ondoan, argazki txiki bat dago, eta argazkian, besoen artean loreak eusten dituzten bi emakume agertzen dira.

Argazkiak orain dela hiru hamarkada gertatutako momentu bat kristaltzen du: zinemagileen amek Lizasoko (Nafarroa) Ortzadar komunan bizitakoa. Hain zuzen, hori da San Simon 62 filma argitzen saiatuko dena. Bada, gertakariak izan zezakeen kutsu historiografikotik aldentzen da ikus-entzunezkoa, zinemagileen gidari nagusia afektuen bitartez ehundutako hori baita. Izan ere, haien abiapuntua bien amen heriotzen doluetatik igarotzea da.

Halatan, gortina beltzaren ondoan dagoen argazkia atzean utzi eta zinema aretoan barneratzen garenean, espazioa txikitzen dela sentitzen dugu nolabait. Intimotasuna, errespetua eta afektua uztartzen dituen uholde batek blaitzen baikaitu.

Hasieran, pertsona bat agertzen da bizitzarik gabeko logela bateko hormak husten. Espazioan ez dago inor, hura hustearen ekintza garatzen duena baino ez. Intimotasun horren leihoa irekitzen du kamerak jasotzen duen momentuak. Orduan ondorioztatzen dugu objektuak biltzen dituen pertsonarekin batera beste norbait dagoela: kameraren atzean dagoen hori. Elkarrizketa horretan hirugarren elementu bat gehitzen da: Lizasoko San Simon kalean dagoen eraikina, gaur egun komentua dena eta 1980ko hamarkadan Ortzadar komunitatearen egoitza izandakoa.

Zeharka, denborak eta aurreiritziek ehundu duten kontakizuna garai historiko zehatz baten sintoma izan zela agerian uzten du filmak: trantsizioa, diktaduraren amaiera, erreferenterik eza...

Filmaren zuzendariek bilaketa bati ekiten diote, zeinaren bitartez beren amek espazio horretan bizitako esperientziei eta komunara joatearen zergatiei erantzunak aurkitzen dizkieten.

Hain zuzen, filmaren egituratzea Gorostidiren eta Etxabarriren esku egon da momentu oro. Bien lokarri izan den oroitzapenaren eta prozesu afektiboaren itzulpen estetikoa da ikus-entzunezkoaren sekuentzietan arnastuko duguna; eta, era berean, aipatutako intimotasun hori arnasaraziko diguna.

Halaber, zinemagileek San Simon 62 sortzeko erabili zituzten baliabide teknikoek atmosfera hori indartzen dute. 16 mm-ko kamerarekin egituratu zuten filma, eta horrek elkarrizketei, irudiei... gertutasun goxo batez ehundutako perspektiba ematen die. Era berean, Gorostidik eta Etxabarrik filmatutako irudiak artxiboko irudiekin uztartzen dira; hala, irudien arteko trantsizio leuna ahalbidetzen da.

Horrekin bat, deigarria da oso filmean irudiaren eta soinuaren artean ematen den disoziazioa. Lotura edota hausnarketa asko bideratu ditzake horrek. Besteak beste, denboraren poderioz lausotu den istorio baten ingurukoa. Asko dira 1970eko edota 1980ko hamarkadetan sortu ziren komunen inguruan eraiki diren aurreiritziak, eta, denboraren poderioz, horiek dira iruditeria kolektiboetan kristaltzen direnak; izan zena eta haren inguruko kontakizuna disoziatu egiten dira orduan. Bada, Gorostidik eta Etxabarrik ehundu duten ikus-entzunezko honek irudiak eta hitzak jartzen dizkio oroitzapenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.