Haur txikienak dira irakurle handienak. Dudarik ez izan. Eskolan zein etxean, liburuen erdiak baino gehiago adin tarte horri begirakoak izaten dira. Izan ere, haurra gozatzeko, haurra entretenitzeko, eta baita haurra hezteko ere, etekin askoko ariketa suertatzen da haurrekin irakurtzea.
Begietatik eta belarrietatik, bietatik jasotzen dituzte liburuko esanak, eta oso garrantzitsua izaten da bitartekariak ariketa hauetan hartzen duen jarrera, haurrarentzako ekintza afektibo bat delako irakurketa. Agian honegatik dira hain irakurzale.
Ezaugarriei dagokionez, esku artean dugun Musuen etxea irakurle hauei eskaintzen zaienaren eredu da: kartoizko azalak eta orrialde gogorrak ditu, kolore bizi eta beroekin eraikitako ilustrazioez goitik behera jantzita. Gaia haurren eguneroko bizitzan presente dagoena da —musuak jaso eta ematea—, eta gaiaren garapena umore askoz eraikitako elkarrizketa sinpleekin burutzen da. Aktoreak animalia humanizatuak dira. Irakurketari dinamismoa emateko, eta haurra partaide aktibo sentiarazteko, azal hegalak ditu.
Aurkitu izeneko bilduma gutiziagarriko beste perla bat.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Musuen etxea'
Azal hegalak
Idazlea: Claudia Bielinsky. Ilustratzailea: Claudia Bielinsky. Itzultzailea: Uxoa Iñurrieta Urmeneta. Argitaletxea: Ibaizabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu