Literatura. 'BATZARRA, GURE GOBERNUA'

Auzolanak artea behar du

2013ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Egilea: Pablo Sastre.

Argitaletxea: Elkar.

Batzarraz eta Komunaz ari zaigu saiogilea. Erdi Arotik —lehenagotik ere bai—egun arterako bidea urratu du. Bide luzea egin du; saioa, berriz, laburra da, baina ongi bururatua. Pablo Sastreren Gauzen presentzia (2007) eta Gizajendearen ahitzea (2010) saioetatik jasotako bi premisa aipatu nahi ditut, idazle honen unibertsoarekin bat egite aldera: «Esperientzia sozialistaren krisia sistema produktiboaren krisia da, baina krisi humanoa ere bai». «Erne ibiltzeko garaia da».

Saio honek Europan estatu batzuk eraikitzen hasi ziren garaian kokatzen gaitu, Erdi Aroan. Haietatik landa ere bazeuden herriak eta nazioak. Gurean Batzarra zen tradizio politikoa eta gobernatzeko modua. Argigarria da lehen kapitulua: Europaren testuinguruan herriak erregearen armada behar zuen, subiranotasuna gordeko bazuen. Gurean, Nafarroako Erresuma du hizpide, erregea espanturik gabe sartu zen Batzarrean; alta, herri batzarrak ez zuen gehiago erabaki harrezkero.

XI. mendera arte, Gaztelan, hala nola Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan,herritarrek bazuten herri batzarretan parte hartzea. XII. mendean jada jauntxoek —dirudunek— besterik ez. Herriez gain, hiriak sortzen hasi ziren. Erresumaren babespeko jauntxoek herri batzarrak barreiatu zituzten, Nafarroan ez artean. Gazteluko monarkiak euskal hiri eta herri handietan kontzeju itxiak ezarri zituen. XVIII. mendean bere eragina txikia bazen ere, estatua nagusitzen hasi zen. Kontzeju irekien—irekiak sakonki azpimarratuta— ahalmenak murriztu ahala, udalak indartuz joan ziren kontrol batzar legez. Estatuaren burokrazia sendotu zen. Ondorioa: estatua hasten da jendeon arazoak konpontzen, herriarekiko hurbilekoa den auzotarra —estatuaren menpeko— hiritarra bilakatzen doa. Herria kolokan izatera pasa zen.

Egungo estatuaren eredua azaldu digu Sastrek: botoaren araberako eredua da egungo demokrazia. Alabaina, erabakiak politikariek hartuak dira aldez aurretik. Agintariek ez dute zuzentzen, estatuaren zerbitzariek baizik.

Zuzeneko demokraziaren funtsa gauzatzeko —bitartekorik gabe erabakikoluketen— herritarren batzarra eta erreferenduma beharko lirateke. Egungo sisteman ez batek ez besteak ez du funtzionatzen.

Honetara iritsita, berebizikoa da Sastreren oharra: «1512an», diote estatuzaleek, «Espainiak Nafarroa, gure estatua, konkistatu zuen. Estatu hori berreskuratzera goaz». Alta, diosku saiogileak, Nafarroako Erresuma sortu baino lehen, geroago ere luzaz, euskal herriak eta bailarak herri batzarrek gobernatu zituzten.

Batzarra, urra baledi —esamolde esanguratsua— kapituluan aitzinatzean urratu beharreko bidea eskaini digu. Hona Sastreren zenbait aburu: batzarrak komuna zaintzen du, herri-arima zaindu ere. Batzarrak auzolanak (lan komunak, herri lanak) konbokatzen ditu. Hauek askotarikoak izan daitezke. Sastreren gusturako, auzolanak baino, auzo-arteak du garrantzia. Batzarrak, elkarrenganako begiruneaz gain, (t)artea behar du. Batzarrak oroz gain denbora behar du. Hots, komun denak debatea behar du. Sastrek Batzarrari buruzko lau kapitulu osatu ostean, hiru saiotxo egoki eskaini dizkigu Komunaz.

Gaurrera etorrita, XXI. mendearen atarian eratu zen Udalbitza. Kultura politiko horretan ikusten du Sastrek batzar subiranoa. Udalbiltza (bir)eraikitzen ari direnentzako saio gomendagarria da berea. Bere urratsetan sakontzea gomendatzen diot orori. Era labur samurrean emandako urrats-saioa da. Premisa bat azkenik: gure munduan, gauza komuna pentsatzeko, kapitalismotik eta estatutik at jarri behar dugu geure burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.