Hazia musikala Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz markinarraren bizitza eta obraren errepresentazioa edo antzezpena da. Arizmendiarrieta (1915-1976) Arrasateko kooperatiben sustatzaile eta ideologoa izan zen. Gontzal Mendibilek egin duen obra honetan, haren bizitzako eta gure herriko gertakizunik garrantzitsuenetako batzuk kontatzen dira: Gernikako bonbardaketa, errepresioa, eta abar. Arizmendiarrieta 1941ean iritsi zen Arrasatera, eta han hasi zuen bere obrarik handiena: Mondragon Kooperatiba.
Obra honetan, kontatutako zein kantatutako istorioak entzun ditzakegu. Partaideen artean, narratzaile bat, bi koru, 11 musikari eta hamabi dantzari izango dira oholtza gainean. Mendibilenak dira gidoia, zuzendaritza, narrazioa eta, nola ez, musika bera. Ez da, gainera, lehen aldia musikariak halako lan anbiziotsu bat egiten duena, hor baitaude Iparragirre hegalaria, Olentzaro, Elorri loratua, Arrupe eta Gau magikoa obrak ere.
Gauzak horrela, eta planteamendua bera dela eta, hemeretzi kantu eta ordu eta laurdeneko iraupena duen musikal honen soinu banda lan kontzeptuala dugu. Lan mota hauek narrazioak berak markatu ohi dituen arren, horrek ez du kantu ederren edo luzimendurako momentu zenbaiten kontra jokatu beharrik. Diskoak hasiera bete-betea dauka Hazia zen hasieran kantuaren melodia polita eta koruaren eraginkortasuna direla eta. Ez ahaztu nor zaren Ainhoa Tabuyoren ahots magikoak goratzen du, Mendibilek berak ere kantatzen duen arren. Kantua hunkigarria da, musikariaren tradizio melodiko eta barnerakoienean egina eta iraungo duen trinkotasunez beztitutakoa.
Espetxeratuena-k nostalgia melodiko kutsu bat dauka, eta Jose Luis Canalen pianoak efektua biderkatzen du. Solemnitate gozagarriz jantzitakoa da Lurralde estuan. Laster, bosgarren martxa sartzen du Mendibilek, bateria, perkusioa eta erritmo sinkopatuak dituzten kantu segida batean. Gizonezkoen koruak (Ezina, ekinez egina), emakumezkoenak (Amaren sua aparta) eta mistoak (Mundu berri bat estimulatzailea) lan luze honen hainbat bertuteren erakusgarri dira.
Karibeko erritmoak ez dira falta Auzolan dantzagarrian. Azken honetako lan korala entzunda antzezlanean emango dituen handinahizko fruitu ederrak antzeman ditzakegu. Lehen aipatu bezala, antzezlanak markatutako fasez edo etapaz osatua dago diskoa, bere igoera eta intentsitate jaitsierekin, betiere ikuslerian sortuko duen efektua helburu dutela. Aipatu ditugun koruek, perkusioek, bateriak eta ahotsek badituzte bidelagun gehiago, ordea: Konpromisoa eta Mintza hadi kantuen biolina (Mai Zienkiewich), Iñaki Dieguezen soinua (adibidez, Itxaropenezko kantuan) eta Mendibilen klasiko garbi horietako bat: Zu, nor zaitugu. Ni joango naiz-ek amaiera koral eta solemnea ematen dio gutxiago merezi ez duen obrari.
Gontzal Mendibil 'Hazia'
Auzolana. Eraldaketa. Hazia
Diskoetxea: Egilea editore.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu