BBC orkestra sinfonikoa
Zuzendaria: Sakari Oramo. Klarinetea: Martin Frost. Egitaraua: J. Sibeliusen 1. Suiteko eszena historikoak, A. Hillborgen Peacock Tales, C. Debussyren 1. Rapsodia eta S. Prokofieven 6. SinfoniaLekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Urriak 26.
Denboraldia orkestra on bat eta bakarlari bikain batekin hasi da, dena paregabe! Gainera egitarauan betiko obrak entzun ordez, askotan eskuragarri ez ditugun musikak gerturatu dizkigute musikari ingeles hauek. BBC orkestra bere zuzendari titularrarekin bildu da Donostiara, eta eskertzekoa izan da Sakari Oramo finlandiarraren musika adierazpena, argitasun eta epeltasun neurri orekak. Orkestran ederki txertatu den zuzendaria dirudi, kide bakoitzari indar eta potentzia handiena aterata. Sibeliusen partituraren egiturako atal ezberdinen zatikatzean dotore azaldu zen, iragate, melodia berri eta garapenean musikariei jotze izaera aldakorrak kutsatuz. Interpretazio bikaina!
Jarraian show-a, bere presentziarekin harmailak betetzen duten musikari horietako bat. Klarineteak ez du misterio handirik berarentzat, gorputzeko beste atal bat balitz bezala tratatzen baitu; aire zutabe ikusgarri batekin grabeak eta goi-erregistroak emaitza iraingarrian lotzeko ahalmena duen musikari petoa dugu Martin Frost. Soinu entzungaitz batetik deiadar ozen batera murgildu gintuen hasieratik, nahiz eta garbitasunean, erabaki arriskutsuren bat dela medio, guztiz zirraragarri ez agertu; berdin zitzaigun, halere. Gerri eta hanka dantzarekin gorputz osoa erabiltzen du orkestra gidatzeko, Oramo ikusle gisa arituz. Bis modura eskainitako Klezmer dantzak azkeneko urteotan beti jotzen dituen piezak dira, nahiz eta oraingoan Charles Gounoden Ave Maria erabili, klarinetea eta kantu hotsa batera tratatuz
Auditoriuma piztuta utzi zuen haize egurrezko bakarlariak eta Oramok bikain erabili zuen indar hori Sergei Prokofieven 6. Sinfonia handia murtxikatzeko. Bigarren Mundu Gerrako tragedia omentzeko idatzi zuen errusiarrak, aurreko Sinfoniaren garaipenetik ihes eginez. Nahiz eta orduko gobernuak musika obra derrigortu beren ideologiatik kontrajarrian sentitzen zutelako, kritikak zoragarriak izan ziren, baita honetan ere. Oramo dotore berriz ere, orkestrako instrumentu talde bakoitzaren lehen mailako kalitatearekin ñabardura pila nabarmenduz. Oboea, tronpeta eta tronpa taldea bereziki txalogarri, ez ohiko obrak egitaratu behar direla frogatuz, ea arduradunek ausart jarraitzeko ekimena azaltzen duten.