Kritika. Musika

Aulki bat testigu

gorka erostarbe leunda
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Damien Jurado eta MobyDick

Noiz: Martxoaren 16an.Non: Viktoria Eugenia antzokian, Donostian.

Aulki baten erabilerak zenbat adieraz dezakeen. Aulkian eserita, oinetakorik gabe —galtzerdi zuritan— agertu zen oholtzara Damien Jurado kantugile estatubatuarra eta Maraqopa lan berriko hamar kantuak aletu zituen kontzertuaren lehen zatian, diskoko hurrenkera berean (Nothing is The News, Working Titles eta Everyone a Star nabarmendu ziren). Dotoreziak, instrumentazio aberatsak eta diskrezio eta hieratismo puntu batek agindu zuen lehen partean. Kyle Zantos (gitarra elektrikoa), Barry Uhl (teklatu eta efektuak), Jessiah Hurlbur (baxua) eta Bradley Stemke (bateria) izan zituen lagun, kantugile atormentatu hutsetik haragoko musikaria dela erakutsiz. Txandaka aritu zen. Zati bizi eta rockeroagoetan, aulkitik altxatuz; intimista eta onirikoagoetan —psikodelia zantzurik ere izan zen—, eserita geratuz, eta, erremate modura, aulki gainera igoz.

Gitarraren laguntza soilaz Horizons eta Static To Be Sold zaharragoak eskaini zituen gero. Berriro taldearekin Sheets jo, eta, amaitzeko, aulki eta mikrofonotik urrunduta eta jendearengana hurbilduta, Ohio eta Diamond Sea ia xuxurlan eman zituen.

Aulkia dardarka jarri zuen behin baino gehiagotan —ahotsez eta fisikotasunez— Eneko MobyDick kantugile getxoztarrak, Juradoren aurretik; oraintxe garratz ozen, oraintxe falsete leunagoz, gitarra soilaren laguntsaz. Pena da kantu guztiak ingelesez izatea, hurbiltasun apur bat galtzen baitu emanaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.