Literatura. 'Bihotza kate'

Aukerarik gabeko aukerak

Egileak: Xabier Paya eta Iker Orueta. Argitaletxea: Erein

2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Maleta bat. Hori da Xabier Payak eta Iker Oruetak apailatu duten Bihotza kate albumaren elementu sinboliko nagusia. Hala iruditu zait niri behintzat. Hara eta hona gabiltzanean norberaren gauzak, arropak, objektuak eta abarrak garraiatzeko erabiltzen dugun zera horrek, baina, istorioan zentzu sakonago bat iradokitzen digula esango nuke. Maletetan, eduki materialak ez ezik, momentuak, bizipenak eta sentimenduak ere badaramatzagulako, askotan, bizi berri bat hasteko aukerak ere badirenak. Izan ere, Carmen dugu protagonista orriotan, maleta eskuan, Madrilera bizitzen doan 24 urteko gaztea. Bere bizitza atzean uztea erabaki eta benetan maite duen horretan (antzerkian, hain zuzen) jarduteko aukerak aurkituko ditu hiriburuan. Dena den, frankismo garaian (zehazki, 1960ko hamarkadan) girotutako obra honetan, aukeratzeko ia aukerarik barik, ataka larrian jarriko du bizitzak protagonista, bere bihotza (eta ametsa) kateen artean ainguratuta uzteraino. Hortik izenburuak hartzen duen adierazkortasun semantiko eta poetikoa.

Albuma izanik, berebiziko garrantzia dute ilustrazioek. Ez bakarrik kuantitatiboki hartzen duten lekuari dagokionez; ezpada marrazkiz ere adierazteko eta kontatzeko duen gaitasunari begira. Guztiak ere nahiko minimalistak (ez horregatik sinplistak) eta ilunak dira; ordea, iluntasun horrek talka egiten du ilustratzaileak jarri dituen argizko kontrasteekin, iluntasunean argitasuna ematen dizkiguten fokuekin, hain zuzen. Argi-ilunen jokoarekin, irakurleari nora begiratu eta arreta non jarri markatzeaz gain, alegia, fokalizatzeaz gain, tenebrismotik oso hurbileko efektua iradoki nahi izan duela ausartuko naiz esatera. Argiaren protagonismoak, gainera, bai eta proposatzen eta eraikitzen diren espazioek ere, tenebristak izan zein ez, antzezlanetako atrezzoari imintzioa egin nahi izan diotela esango nuke. Horrela bada, irakurleak, agertoki handi bat aurkituko du orriz orri, zeinetan, fokuak ez diren ezkutatzen, ezta espazioa mugatzen dituzten hormak eta atzeko oihalak ere. Hala izatekotan, badu joko dramatiko eta metanarratibo horrek zer aipatua: batetik, protagonista teatroz teatro baitabil; bestetik, Carmenen beraren bizitza eta istorioaren nondik norakoak ere oholtza gainean eta antzeztuz bezala bistaratzen zaizkigu. Maleta irekitzearekin batera, irakurleak antzezlana antzezlanaren baitan aurkituko du, hortaz. Matrioxka errusiarrak.

Eta, paisaiak ez ezik, han-hemenka, hitzak ere beltzez jantzitakoak direla ohartuko da irakurlea, une zailak interpretatuko baitira pertsonaien bitartez; bestela esan, kolorez eta lengoaiaz bat datorren artefaktua dakar obrak. Hitzotan, gainera, diskurtso nahiko unibertsala aurkitu dut, egileen helburua, agian, hori ez izan arren; Carmenen pertsonaiarengan neure amumaren historia aurkitu dut ezinbestean. Neure buruari galdetzen diot halako zenbat Carmen egon diren gure familietan, Carmenen soslaian zenbat protagonista biltzen diren. Iragan partekatuarekin egin dut topo zentzu batean, memoriaz betetako maleta batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.