'Aukeran 20 urte'
Konpainia: Aukeran. Zuzendaritza: Edu Muruamendiaraz. Eszena zuzendaria eta aktorea: Ainhoa Aierbe. Musika zuzendaritza: Mixel Ducau. Musikariak: Mixel Ducau, Iñigo Egia, Xabi Solano, Xabier Zeberio. Argiak: Carlos Solano. Jantziak: Oscar Armendariz. Dantzariak: Ane Anza, Garazi Egiguren, Ander Errasti, Ioritz Galarraga, Eneko Galdos, Ione Iriarte, Ekain Kazabon, Oier Laborde, Agustin Martinez, Olatz Oribe, Uxue Urruzola, Itziar Uzkudun. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 7.Berari zegokion legez, bakarrik agertu da Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoa hasierako eszenan. Aukeran dantza konpainiak bere lehen hogei urteak ospatu nahi izan ditu emanaldi berezi honekin, eta Muruamendiarazen lehen agerpen horrekin sinbolikoki adierazi da berak hasieratik eta determinazio osoz hartu zuen bidea. Lehen aurresku horretan ez da musikarik egon, eta dantzariak atzamarrekin kriskitin eginez markatu du pausoak gidatzeko erritmoa. Kraska bakoitzean goitik eskegitako argi batzuk piztu dira, eta denen artean ortzi moduko bat irudikatu dute, emankizunari beste bultzada sinboliko bat emanez.
Erritmoa aipatu berri dugu, euskal dantza eraldatuen gidaritza erritmoaren esku egon delako musika-pasarte guztietan, ezinbestekoa zen bezala. Agertokiko ezkerraldean kokaturiko lau musikariek instrumentu sorta zabala jo dute —gitarra, biolin elektrikoa, perkusioa, esku-soinua, klarinetea...— eta Mixel Ducauk musikari emandako askatasun berbera eman dio Muruamendiarazek dantzari, haren folk garaikidea eta euskal dantza sinbiosi betean murgilduta. Horrela izanik, euskal melodia askotatik abiatu eta beste bide batzuetatik eraman ditu Ducauren taldeak, koreografoak euskal dantza askorekin egin duen bezala, eta haietariko batean Wim Mertensen partiturarik ezagunena Struggle for Pleasure ere moldatu dute, eta airos atera, haren piano miresgarria entzun ez dugun arren.
Gauza bera esan dezakegu dantzaren diseinuaz: aurreskuak, arin-arinak, fandangoak... izan dira nagusi, baina guztietan txertatu dira beste elementu batzuk, proportzio handian zein txikian, izan balleteko puntetan dantzatutako pasartea izan baloi handi batekin umeen jolasak irudikatu dituen eszenan, eta talde-agerraldietan banaketa geometrikoen perfekzioa nabarmendu da. Une batean, pantomima txiki bat antzeztu dute eszenako bi dantzariek, bien arteko maletak hainbat argi-kolore hartzen zituen bitartean, eta beste une batean duo garaikide bat etorri da, bikotearen gaitasun akrobatikoan oinarrituta eta paralelismoak zein ispilu erako eboluzioak deskribatuz.
Emanaldia ikusi baino lehen, nik espero nuen hogei urte hauetako pasarterik gogoangarrienak berreskuratuko zituela konpainiak, baina, ikusten denez, sorkuntza zeharo berria prestatu dute urtemugarako. Ainhoa Aierbek hartu du bere gain emanaldiaren zuzendaritza eszenikoa eta noizbehinkako agerraldi dotoreetan gogora ekarri dizkigu Aukeran-en ildo nagusiak: dantza, tradizioa, fusioa, jakin-mina, berrikuntza eta, zergatik ez, beldurra. Aurrera egitean sentitzen dugun beldur hori, hau da, zirrara eragiten diguna.