KRITIKA. Artea

Atzera begirako bidaian barrena

Elena Mendizabalen hainbat lan, Artiumeko erakusketan. JUANAN RUIZ / FOKU.
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun

'Elena Mendizabal. Eskultura'

Non: Artium museoa, Gasteiz. Noiz arte: 2020ko maiatzaren 3ra arte.

Duela hilabete batzuk, sail honetan argitaratutako kritika bat irakurri nuen: Harribitxiak izenekoa eta Garazi Ansak idatzia. Artikuluak Elena Mendizabal artistak Bilboko La Taller galerian egindako erakusketari buruzko hausnarketa erakargarri bat proposatzen zuen, bertan aurkeztutako produkzio berriko piezak eta haien arteko elkarrizketak nolabaiteko atmosfera onirikoa bideratzen zutela azaltzen baitzuen. Halako kritika irakurri ondoren, erakusketan murgiltzeko gogo ikaragarriak piztu zitzaizkidan. Nahi bai, baina ezin; azkenean ez nuen erakusketara bertaratzeko aukerarik izan. Beraz, Artiumen estreinatu den Elena Mendizabal. Eskultura erakusketa Ansak deskribatutako atmosfera erakargarri horretan barneratzeko aukera paregabea izan da. Material, kolore eta formen aniztasunaren oihanean murgiltzeko aukera izan baitut.

Erakusketak Elena Mendizabalen obraren atzera begirada proposatzen du, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako produkzioan zentratuz. Alabaina, atzera begirako mostra orok aurkeztutako zirkuitu kronologikoa garatu ordez, aurretik atzera eginez, artistaren azken hamarkadako piezek ematen diote hasiera ibilbideari. Pixkanaka artistaren sortze prozesuan barrena bidaiatuz, azkeneko aretoan dauden 80ko hamarkadako artelanekin ematen zaio amaiera bidai horri.

Aretoan barneratu baino lehen, artistari buruzko informazioa biltzen duten dokumentuekin egin dut topo: esku-orriak, katalogoak, elkarrizketak... Alboan, paretan zintzilik, Mendizabalek gauzatutako ekintza baten irudia aurkezten zaigu, eta zerbait igortzen dit horrek. Artista eskailera altu batean igota agertzen da, eta, goratasun hartatik, eskultura figuratibo, kanoniko eta klasikoa jaurtitzen du. Zein da emaitza? Abstrakzioa. Segundo bakar batean: jaurtitako eskultura figuratibo horren pusketetatik eratorritako konposizio abstraktua. Abertimendu bat da, erakusketan aurkituko dudan produkzioa figurazio klasikotik guztiz aldentzen dela iragartzen duena.

Lehenengo espazioan sartu bezain pronto, iragan hurbilera egiten dut salto, Ansak deskribatutako harribitxiekin elkartuz. Han daude, paretan ezarrita: arrosa, gorria, morea, urre kolorea, laranja... Ederrak dira eskultura txiki horien artean sortutako erritmoak; kolore eta forma geometrikoen arteko heterogenotasun orekatu eta arina. Aretoak ematen duen perspektibak artelan hauen guztien arteko elkarrizketak ahalbidetzen ditu, betiere norbanakoaren pertzepzioen loratzeari dei eginez. Espazioan aurrera egin ahala, askotariko materialetako piezak neure ikus-eremuan barneratzen dira: idulki batean goratutako zeramikak, kolorezko plastilinaz egindako figura moldagarriak, lurrean esekitako burdinazko eskultura zurrunak...

Atmosfera oniriko hori bere klimaxera ailegatzen da lehenengo gela honen hondora heltzean: Toda tu belleza está en ti instalazioak guztiz harrapatzen gaitu. Mineral zatitu baten itxura gogorarazten dit, Mendizabalek eskala monumentalera itzultzen duena. Distiratsua eta kolore ugariz hornitua. Argiak, egitura konposatzen duten kolorezko plastiko gardenak zeharkatu, eta museoko pareta zuria kolore ugariz blaitzen du.

Ibilbidean aurrera egin, eta hogei urte egiten dugu atzera; giroa lausotzen da oraingoan, atmosfera intimista bilakatzen. Abstrakzio, figurazio eta objektuaren materialtasunaren arteko jolas erakargarri bat gauzatzen da aretoa hornitzen duten talde eskultorikoen artean. Horren adierazle dira altzarien irudia eta funtzionalitatea eraldatzen dituzten piezak. Nola definitu daitezke? Altzari forma dute, baina ez horren funtziorik. Convocatoria para visiones instalazioen bidez, objektuaren esanahi normalizatuaren inguruko hausnarketa muturrera eramaten du artistak; altzariak, argazkiaren bidez, bi dimentsioko objektu izatera mugatzen baititu. Eskala ertaineko argazki garden hauen atzean ezarritako kolorezko fokuek egitura zeharkatzen dute, mamuak balira bezala, haien ez-materialtasunaren adierazle.

Mendizabalen hastapenetako momentura heltzen gara azkenik, 80ko hamarkadara, zehazki. Azken areto horretara barneratzean, deigarri egin zaidan zerbait agertu zait: «Ez al da hori Oteizaren Kutxa metafisiko bat?», galdetzen diot neure buruari. Erantzuna: ez, Elena Mendizabalen Kutxa metafisiko kirtenduna da. Maisulan horren zentzua guztiz eraldatuta, keinu bakar batean, euskal eskultura eta euskal jeinu maskulino eta kanonikoaren ideiak barreiatzen ditu artistak. Kutsu kontzeptual eta minimalistaren arrastoa nabarmena da, mezu ironiko eta kritikoarekin nahasten den arrastoa.

Azkeneko gela honetara ailegatuta, irteeraranzko bideari ekiten diot berriz ere. Arestian ikusitako material anitzeko eskultura eta instalazioekiko perspektiba berritu batez dastatuz. Mendizabalen produkzioa askotarikoa eta plurala da; denborak aurrera egin ahala, eskulturak arindu egin direla ikus dezakegu, betiere erabilitako material bakoitzaren nortasunak ahalbidetzen duen fisionomia eta horren moldatze prozesua piezaren adierazle nagusi izanik. Oraingoan bai, La Tallerreko erakusketa bisitatu ez arren, pozten naiz Artiumen sortutako giroaz gozatu izanaz; esperientzia bikaina izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.