KRITIKA. Artea

Atzera begira

Xabier Saenz de Gorbea. 2014ko azaroan, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2016ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

'21 urte, 21 artista. Xabier Saenz de Gorbearen omenez'

Lekua: Sanz Enea. Zarautz. Noiz arte: Uztailaren 10era arte.

Atzera begiratze gehientsuenek badute nostalgia apur bat, hain zuzen ere, pasatutakoa pasatuta baitago, eta berriz ere gauza bera gertatzea guztiz ezinezkoa baita. Antzekorik gerta liteke, agian hoberik ere bai, baina gertatutakoaren berdin-berdinik ez, hori ziur.

Zarauzko Sanz Enea kultur etxean Xabier Saenz de Gorbeak 21 urte luze iraun zuen proiektu bat burutu zuen, haren funtsa, urtez urte, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako lizentziako 5. mailako ikasleekin erakusketa bat gauzatzea zelarik. Baina proiektu hura amaitu zen, pasatu zen. 2014an izan zen azken erakusketa, hain zuzen ere, Xabier Saenz de Gorbeak, 2015. urtean utzi gintuenetik, proiektua bera ere hilda, amaiturik gelditu baitzen, bera izanik ekimenaren arima. Pasatutakoa pasatu da, eta ez da berriz ere itzuliko. Antzeko proiektuak, agian, zorterik baldin badugu, etorriko dira berriz ere, baina Saenz de Gorbeak, 21 urte luze horietan buruturiko hura bezalakorik ez, berdinik ez, hori ziur. Honako erakusketa hau, 2016. urte honetan Sanz Enean gauzatu den hau, proiektu luze hari atzera begiratuz buruturikoa da, hura ahalbidetu eta bultzatu zuen gizonaren omenez.

Eta 21 urte haietan, ehunka ikasle izan ziren Zarauzko Sanz Eneatik pasatu zirenak. Erakusketa klasiko bat bilakatu zen —edo hala diote, behintzat, hartan parte hartutakoek—, edo klasiko bat baino gehiago, aukera paregabe bat, unibertsitateko kotoizko geletatik mundu errealera jauzi egiteko. Handik pasatu ziren ehunka ikasle haietako gehienentzat ziur hura izan zela lehenengo zubia. Baina aukera hura ez zen soilik ederra ikasle haientzat, baizik eta baita arte garaikidea maite duen edonorentzat ere. Erakusketa haiek primizia modukoak ziren. Zenbait pieza besteak baino interesgarriagoak izango ziren, beste zenbait berriz kaxkarragoak seguru; baina, une hartan, pil-pilean zegoena ipintzen zen erakusgai, unibertsitatetik atera berria, eta, nolabait etorkizunaren iragarpena zekarren erakusketa hark. Hantxe zeuden, primizian, lehen aldiz, etorkizuneko artisten lehen proiektuak erakusgai; hantxe, euskal artearen etorkizuna.

Aurtengoa, ez da izan proiektu haren eranskin bat, gehigarri soil bat, baizik eta, erakusketa formatuaz baliatuz, Saenz de Gorbeak eginiko lan handi hari egin omenaldia. Erakusketaren funtsa oinarrizkoa da, baina ez horregatik sinplista izatea egozteko modukoa; alderantziz, erakusketara bertaratu, eta horrelako sentsaziorik ez dago han bertan. 21 urte, 21 artista. Izenburuak berak ederki laburbiltzen du kultura elkarteko aretoetan topatuko dena. Proiektua gauzatu zen urte bakoitzeko artista bat hautatu du Ismael Manterola komisarioak, nola ez, artista bakoitza urte ezberdin bakoitzeko ordezkari izanik; modu horretan, igarotako 21 urte horien denbora dimentsio osoa plasmatuz aretoetan, artistak lagin gisara hartuaz.

Hain zuzen ere, horixe bera da erakusketaren erakarmen arrazoi nagusia. Oraingo honetan, erakusketak ez baitu etorkizunaren iragarpenik gauzatuko —nahiz eta zenbait proiektu berriak izan, alegia, erakusketarako propio buruturikoak, hala nola Bigarak aurkezturiko Notarekin pieza, eta, hori horrela, aurtengoan ere primiziak egoten segi—, baizik eta azken euskal artearen 21 belaunaldiren laburpen edo genealogia posible bat. Proiektuek euren artean ez dute kohesio handirik; baina erakusketaren helburua presente izanik, horrek berdin dio, eta ez du erakusketaren interesa inolaz ere gutxitzen. Alderantziz, euskal artearen azken urteetako dibertsitatearen erakusgai da, ohituak gauden izen handietatik edo ezagunenetatik urrunduz, hemen ere beste gauzak taxutzen eta gauzatzen diren oroitarri. Batzuetan, sentsazioa ematen baitu euskal arteari dagokionez bi belaunaldi handi egon direla, punta-puntako artea garatu dutenak, eta haietatik kanpo, berriz, gainontzeko guztia kalitaterik gabekoa, interesik gabekoa izan dela. Genealogia berriak sortzen dira, eta belaunaldiak joan eta etorri egiten dira—eta hori ederki zekien, bai, Saenz de Gorbeak—. Pasatutakoa pasatua dago, eta gauza bera berriz ere gertatzea guztiz ezinezkoa da. Atzera begiratzea, ordea, batzuetan ederra da, zer gertatu zen oroitzeko bada ere, irribarre batekin ahoan ahal bada, hausnarketak egin, memoria martxan jarri, eta aurrera begiratzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.