Literatura. «C'est La Vie» kantatzen dute zaharrek

Atzekoz aurrera

Egilea: Karlos Zabala. Argitaletxea: Elkar.

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Lehen begiratutik bertatik eman zidan atentzioa obrak: Irune Izquierdoren azalakpertsona beraren bi oinak erakusten ditu. Bata noranzko batean oinez; bestea kontrakoan, baina bi-biak aldi berean. Eta, egia esan, irudi irreal horretan aurki ditzake irakurleak Karlos Zabalaren nobela ulertzeko gako nagusiak: absurdoa, errealitateari barre egitea eta paradoxa.

Karlos Zabala filologo eta itzultzailearen lehen nobela da «C'est la vie» kantatzen dute zaharrek, Elkar argitaletxeak argitaratutakoa eta zabaldutakoa. Anton Pla protagonistaren mintzoa nagusi zaigu bertan, guztiarekin ere, konposizio metaliterario bat eraikiz: liburu bat idazten diharduen pertsonaia da. Eguneroko martxaz, arauez, politikoki zuzena izateaz nazkatuta, egun batean, munduari bizkarra emango diola erabaki, eta, guztia atzekoz aurrera egiten hasten da.

Testuak duen indarguneetako bat absurdoarekin eta umore ironikoarekin egiten duen jolasa da. Egunerokoa atzekoz aurrera jartzeak berak tonu irrigarria ematen dio lanari, errealitateaz hitz egiteko beste erregistro eta hizkuntza bat sortzen baitu. Gainera, Anton Pla pertsonaiak pailazo baten jarrera iradokitzen du maiz, inplizituki gehienetan, baina, esplizituki ere bai: «Julia Kristeva izeneko bat ere aipatzen zuten, eta hark zioela literaturak pailazo sakratuaren funtzioa bete beharko lukeela, […] irakurleari ifrentzua erakutsi eta gogoetara bultzatzeko». Esan dezaket, hortaz, pailazoaren irudia gizarteari kritika ironiko bat egiteko artefaktua dela. Hau kontuan izanik, ez nuke parekatuko mintzagai dugun obraren umorea eta pailazoaren irudia Harkaitz Canok Twist (2011) nobelan sortu duen umore beltzarekin. Esango nuke, kasu honetan, gehiago hurbiltzen dela Karlos Linazasororen Itoko diraberriak (2003) obran kausi dezakegun poetikara, ironiara eta absurdoarekin egiten duen jolasera.

Irundarraren testua ezaugarritzen duen beste alderdi esanguratsu bat plano narratiboen haustura da. Testuartekotasunetik asko du obrak, etengabe agertzen dira liburu, abesti eta pelikulak Anton Plaren bizitzan. Guzti-guztiak, baina, bat datoz zerbaitetan: beti agertzen dela, lehen planoan, nahiz bigarrenean, atzekoz aurrera dabilen norbait. Horrek, ezinbestean, paralelismoak iradokitzen dizkio irakurleari protagonistaren bizitzaren eta nobelan aipatzen diren obren artean. Plano narratibo nagusia eta aipatzen diren lanenak gurutzatu egiten dira, hain non, azken aipamenean, protagonistak pelikularen barnean ikusten baitu bere burua. Nobelak bestelako arte adierazpenak bilatzen ditu istorioan aurrera egiteko, eta hauekin eraikitzen duen ispilu jokoak kontatzeko eta Anton Plaren karakterizazioa garatzeko aukera ematen dio autoreari. Asko estimatu dudan alderdia izan da hau, iruditzen zait planoen arteko saltoek asko aberastu dutela testua.

Protagonistak bizi duen egoera surrealistak eta absurdoak barrenak astindu dizkit, eta, sentsazio frustragarritik dibertigarrira, eta berriro bueltan amorragarrira eraman nau. Gogokoen dudan literatura niregan efekturen bat sortzen duena da, efektu hori baikorra edo ezkorra delarik ere. Eta obra honek lortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.