KRITIKA. Artea

Atmosferen transkodetzea

Estratuarteak erakusketan ikusgai dauden piezetariko batzuk, Oteiza museoan, Altzuzan. IÑIGO URIZ / FOKU.
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun

'Estratuarteak'

Artistak: Nora Aurrekoetxea,Miren Doiz eta Marina Gonzalez Guerreiro. Non: Oteiza museoan, Altzuzan (Nafarroa). Noiz arte: ekainaren 4ra arte.

Testuinguruek gorputzen irakurketak janzten dituzten modu berean, espazioek objektuei izaera bat edo beste ematen dietela esan genezake. Iruditeria kolektiboek adierazi arren objektuek, materialek edota irudiek espazioetan aurkezteko kode zehatzak dituztela, horiek antolatzeko erak artifizialak dira. Artifizialtasun horretan murgildurik kodeak ehuntzen diren modu berean, horiek deseraikitzeko keinuen existentzia ukaezina da.

Hain zuzen, hausnarketa horretara bideratzen gaitu Altzuzako Oteiza museoan mustu den Estratuarteak erakusketak, zeinetan Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz eta Marina Gonzalez Guerroiroren lanak aurkezten zaigun. Bada, mostraren abiapuntua eskulturaren nolakotasuna da, baina ez da horretara mugatzen, berau osatzen duten ezaugarrien izaeren inguruan hausnartzera ere eramaten baikaitu.

Espazioan barneratzean eta testu kuratoriala irakurtzen dugun momentuan, hitzen artean transkodetze terminoa azaleratzen da. Halatan, hura izanen da mostra osatzen duten espazioak zeharkatu ahala errepikatuko zaigun doinua. Dena dela, transkodetze hori modu ezberdinetan jorratzen du artista bakoitzak, eta, honela, terminoaren izaera anitz zeharkatuko dituzte gure begiek. Osotara, mostra lau espaziotan egituratzen da, eta lehenengoan aurkeztuko zaigunaren prestakuntza sumatzen da. Izan ere, hiru artisten hiru eskultura kokatu baititu bertan mostraren komisarioak; hala, artisten lanen arteko dibergentziak eta sinergiak arnastuko ditu ikusleak.

Erakusketa espaziora gerturatzen garen heinean, objektu eta material ezberdinak uztartzen dituen eskultura koloretsu bat aurkezten zaigu; Miren Doizen lana da. Halaber, espazio berean Marina Gonzalezen pieza bat ere badago, zeinak nolabait haurtzaroarekin lotu genezakeen bataiarri bat iradokitzen duen. Gonzalezen piezaren fisionomiak oroitzapen batera bagaramatza ere, alboan duen piezak hura urratuko du; Nora Aurrekoetxearen eskultura da horman eskegitakoa, baina, oraingoan, objektuaren jatorrizko izaera ahanztera bideratzen gaitu artistak, objektuaren ezaugarri estetiko eta plastikoetan zentratzera behartuz.

Hurrengo hiru espazioak artista bakoitzaren lanean zentratzen dira, eta, ondorioz, gune bakoitzean atmosfera eskultoriko eta estetiko ezberdinak sorraraziko dituzte piezek. Lehenik, Aurrekoetxearen espazioarekin egiten dugu talka, onirikoa bezain bisuala den atmosfera batean. Izan ere, eskulturaren ahalmen plastikoa bereganatuz, ilearen eta buruaren ezaugarri fisikoak bereganatu, eta leitmotiv baten eran behin eta berriz errepikatzen ditu. Halaber, espazioaren ezaugarri propioak bereganatzen ditu artistak, bertikaltasunaren eta horizontaltasunaren arteko uztartzeak garatuz, oraingoan burdinazko barrak gidari direla.

Gune oniriko hori atzean uztean, ikuskera berrantolatzen zaigu berriz ere, eta, horrekin batera, gorputza bera ere bai, piezak aztertzeko modua bestelakoa baita. Izan ere, Doizen eskulturak erakusketa espazioaren murruetan eta zoruan integratzen dira, eta momentuan bat edo beste zein den zehaztea zailtzen zaigu. Identifikatu ditzakegun objektuek bestelako konposizio eskultoriko abstraktuak sortzen dituzte, horien artean, koroa bat, oihal bat...

Azkenengo atmosferak memoriaren objektuetara egiten du salto. Gonzalezen txokoa da hau, eta bere material intimoak aurkezten dizkigu; nolabait, urteen joana ekartzen digu gogora, eta horren aldarriak dira objektuen bitartez sortzen dituen eskulturak. Ez ditugu objektuen istorioak ezagutzen, baina geure istorioetara bidaiatzera gonbidatzen gaitu nolabait.

Moduren batean edo bestean, hori lortzen baitu artista bakoitzak: objektuen eta espazioen uztartzeak bideratzen dituzten kodeen berrantolatzeak testuinguruz kanpo aurkezten zaigun horren ezaugarri ikusezinak ikusgarri bihurtzea. Halatan, arau berrietatik abiatutako kodeak sortzen dira artelanak biltzen dituzten espazioetan, eta gogoratzen genuen hori oroitzeko moduak, transkodetzez transkodetze, berregiten zaizkigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.