'Beste istorio batzuk'
Artista: Marijose Rekalde. Non: Arteko galeria, Donostia. Noiz arte: Maiatzaren 27ra arte.Ateak leku batetik bestera igarotzeko pasaguneak dira; batzuetan itxiak, besteetan irekiak, pribatutasuna mugatzen dutenak, sarbidea edo irteera adierazi, edo espazio jakin baten barnealdea eta kanpoaldea bereizten dutenak. Ateak, pasagune ez ezik, aukerak ere badira, edo hobeto esanda, aukerak ahalbidetzen dituztenak, atearen alde batean edo bestean egotea ez baita inoiz gauza bera, ez eta horien aurretik pasatu eta ireki gabe alde egitea ere, barruan zer gertatzen ari den imajinatuz, edo imajinatu gabe —hori ere aukera bat baita—. Ateak dira, hain zuzen ere, Marijose Rekaldek Arteko Galerian aurkeztu duen Beste istorio batzuk erakusketarako burutu duen proiektu nagusiaren ardatza.
Erakusketaren harrera, berriz, galeriako atea igaro aurretik, beiratearen beste aldetik kalera begira dauden bi bustok egiten dute. Niki de Saint Phalle artistaren irudi femeninoak gogorarazten dizkidate biek, padaung-en itxurako lepo luze amaigabeekin eta material nobleen erabileratik urrun, hauskortasun itxura duela batak, gainazalean dituen tesela txikiak direla medio; malgutasun eta gozotasunarena besteak, larruzko ehundura dela eta. Bata aretoaren alde batean, bestea beste aldean. Horiek ez dira, ordea, aretoko pertsonaia bakarrak, hormen kontra espazioan barreiaturik, beste zenbait eskultura txiki ere bai baitaude, kasu honetan ere emakumezkoen errepresentazioak gehienak, baina itxura guztiz ezberdinekoak bi bustoen aldean. Hazpegi gogorrekoak dira, oso espresionistak, eta brontzearen materialtasuna haien gainazal irregularretan bistaratzen da, nahiz kolorez pintaturik egon.
Horiek guztiek, alegia, pertsona-irudi horiek, aretoetako hormetan zintzilik dauden xilografia eta trokel moduan erabilitako ateetan irudikaturik dauden istorioetako pertsonaiak izan litezke, gainazal bidimentsionaletik salto egin eta entitate propioa harturik, beraien presentzia aldarrikatuz sorturikoak. Hala, pertsonaia horiek istorio ezberdinetara garamatzate, istorio anitzetara, baina guztiak ere oso gertukoak direnak guztiontzat: zuhaitzen inguruetako gertaerak, herriren batekoak, etxe barnekoak, baina, modu zabalagoan, baita Artearen Historiako ikono bilakatu diren zenbait egile eta haien lanik esanguratsuenak harturik, gizartearen historiaren zertzeladak kontatzen dituztenak ere.
Ateek, esekirik, istorio ezberdinetarako ateak irekitzen dituzte irudi indartsuen bidez, eta bisitariek ate horietan barneratzeko aukera dute, istorio bakoitzeko gertakari txiki bakoitzaren xehetasunak topatzekoa, goitik hasi eta pixkanaka beherantz mugituz begirada. Hain zuzen ere, xilografien ezohiko tamaina da ateak trokel gisa erabiltzearen ondorioetako bat, bi metro luze pasakoak baitira; horrek, teknikoki, hainbat arazo sor ditzake estanpazioa bera egiteko garaian, baina baita aurrez irudiaren konposizioari dagokionez ere. Hori dela eta, artistak, komikigintzan istorio ezberdinak bisualki modu azkarrean transmititu eta komunikatzeko erabiltzen duen teknika bat aplikatu du xilografian: binetena. Estetikoki, ordea, espresionista alemaniarrek erabili ohi zituzten trazu lodi, gogor eta kontraste markatuak baliatu ditu.
Hala ere, xilografiak baino gehiago, alegia, estanpazioaren teknikako azken emaitza direnak baino gehiago, interesgarriagoak egiten dira horiek ontzeko aurrez egindako trokelak, kasu honetan ateak izan direnak. Hain zuzen ere, zizelkaturik duten istorio berri horren atzean, ate horiek ere taula berriak izatetik urrun daude; etxeren bateko aztarna arkeologiko izatetik hurbilago daude. Hori dela eta, haietan bi mailatako istorioak topa daitezke: batzuk, artistak horien gainazalean eginiko lanaren bidez modu bisual batean transmititzen direnak; baina besteak, materialak berak atxikirik dakartzanak eta bisitarientzako, nahitaez, ezkutuan dirauenak. Hala, ateek igarobide fisikoa izateko funtzionalitatea galdurik baldin badute ere, behin aretoko horman esekirik, modu batez edo bestez, lotura puntu dira oraindik ere, aldi berean bai itxirik baina baita irekirik ere daudela.
Beraz, erakusketa interesgarria izan daiteke, bai xilografiaren teknikara hurbiltzeko, bai oraindik hain ezaguna ez den artista nafar horren lanaren zertzelada batzuk antzemateko.