Haur eta gazte literatura. 'Etxe honetan'

Asteburu pasa, aitonarekin

Idazlea: Aintzane Usandizaga. Ilustratzailea: Asier Iturralde Gaston. Argitaletxea: Pamiela.

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Liburu bila, alea eta lastoa bereizteko ahaleginetan gabiltzanean, komeni da literatur sariketak jarraitzea, dena belusezko jantzietan eskaintzen den garaiotan. Euskal Herrian Etxepare saria da dugun bakanetakoa, eta, beraz, adi jarraitu beharrekoa.

Aurtengo irabazlea 36 orrialdeko album etzan bat izan da (22x25 zentimetro; zabalduta metro erdi hartzen du). Tapa gogorreko edizio txukunean dator. Barruan zer aurkituko dugun, azalak oso ongi irudikatzen du: aitonaren eta bilobaren arteko harremana, onarpen eta elkar-aberasteko bide bezala. Kalitate handiko obra bat iruditu zait, generoaren baliabideak ederki erabiltzen jakin duena.

Irakurri aurretik izan nuen inpresioa ez zen oso baikorra izan: album naif baten aurrean nengoela iruditu zitzaidan, gauza gutxi esaten duen sorkuntza estetiko ongi zaindua baino ez. Irakurtzen hasita, ordea, oso bestelakoa izan zen eragin zidan sentipena. Zuritasun eta sotiltasun hartan, orriz orri, irakurraldi partekatu irrigarri bat irudikatu nuen, aberasgarria ere bai. Batzuetan, lehen irakurraldia egin ahala buru-bihotzetan eragiten didana errazki ikusten badut ere, oraingoan ez da hala izan.

Hurrengo irakurraldietan artefaktu literario aski landua dela iruditu zait, barne mekanika trinkoarekin, beste behin ere frogatuz azalez sinplea dena lanketa arretatsuaren emaitza izan ohi dela. Baina ez izutu nire hausnarketa hauekin. Liburu hau lasai eta ongi pasatzeko irakur ezazu, ondoan duzun haurrarekin.

Hala ere, iruditzen zait ongi etorriko zaizula azalpen batzuk gogoan izatea. Kontziente izan, ala ez, irakurketa osatzeko hiru eragileren partaidetza gertatzen dela: testua, irudia eta irakurlearen irudimena.

Has gaitezen letretatik: testua minimoa da. Ez da iristen orrialde bakoitzeko esaldi bat izatera, batez beste. Narratzailea haur protagonista izanik, sinesgarria egiten da bere ahotsak duen parte hartzeko modua, laburra, sotila. Bestelako irakurketetarako irekia, baina. Ondorioz, haurraren pentsamenduak irrigarriak dira, irudiekin sortzen dituen kontrasteetan.

Irudiak, aldiz, irakurlearen begirada du, plano orokorrekin gehienetan. Bere (gure) aurrean gertatzen da istorioa. Eta musikazale porrokatu baten etxea erretratatzen denez, bertandauden erreferentziak —Led Zeppelin, Eric Clapton, Akelarre,Itoiz—, irakurle helduari keinuka ari dira, bai ala bai.

Eta, hirugarrenik, irakurlearen parte hartzea dago: liburu hau interpretazio jolas handi bat delako, elkarrizketa bilatzen duena haurraren (testua) eta helduaren (irudia) artean.Munta handiko kontua hau, «irakurketa partekatuari» buruz teorizatzen dutenen artean irudimen ariketak eragiten dituzten testuak direlako bikainak, idealak.

5 urtetik aurrerako irakurleei proposatzen zaien obra da, baina irakurle adintsuagoak erraz erakarriko dituena, marrazketaren eiteagatik eta darabilen umoreagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.