Asmo ederreko erronka bati heltzen dio narrazioak, abiapuntu gisa armiarma baten eta injustizia pairatzen duten gizakien bizipenak parekaturik.
Tamalez, zalantza dut bitartekoekin eta hartutako bideekin asmatu ote den. Esaterako, ez dut ulertzen zergatik armiarmak bere burua itsusitzat hartzen duen desberdintasunaren onurak aldarrikatzea denean helburua. Eta alderdi «teknikoari» erreparatuaz berdin: bere burua ezjakintzat jotzen badu ere, narratzaile orojakile gisa jokatzen duelarik, iruditzen zait kontraesan gaindiezinezko batean sartzen dela, eta desoreka horren iturburua, hain zuzen, lehen pertsonan aritzeagatik datorkiola. Askoz sinesgarriagoa zatekeen hirugarren pertsonan kontakizuna.
Antzeko zerbait sentitu dut liburuan dauden irudiekin. Ilustrazio koloretsuak dira, testuaren informazioarekin bat datozenak, eta konposizio eraginkorra erakusten dutenak, baina hori da euren alde esan litekeen onena, zeren —ez dakit propio baldar eginak diren— baina daukaten egikera «amateurrak» bat baino gehiago atzera botako du.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Armiarma txiki baten epopeia handia'
Asmoak eder, eginak lander
Idazlea: Parko Aristi. Ilustratzailea: Miren Uribelarrea. Argitaletxea: Erein.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu