Musika. Aguxtin Alkhat. 'Hutsaren hatsa'

Askotariko itxaropenak

Argitalpena: Egilea editore.

Andoni Tolosa.
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Hauxe du laugarrena Aguxtin Alkhatek (hirugarrena kantu berriekin) eta sumatzen zaio, asko gainera, eskarmentua, sosegua, hitz bakar batean adierazteko, heldutasuna. Kantu bilduma laburra izanagatik, zortzi kantu biltzen ditu Hutsaren Hatsa honek, aski dira kantariak bere kantaerari eta kantuak egiteko moldeari etekin borobila ateratzeko. Bai, entzun bezain laster dakizu Aguxtin Alkhatena dela arreta deitu dizun kantu hori. Horretarako, gainera, eta disko honek ederki erakusten du, badaki jokatzen askotariko eragin musikalekin, kantuak ongi perfilatzeko duen gaitasunarekin eta hitz musikalak idazteko trebeziarekin. Albo batera utzi gabe, gainera, pop-rock bakarlari gisara jarduten duenaren trebezia nagusia; bidaia lagunak aukeratzeko begi zorrotza. Horrek denak bat egiten duenean, horrelako emaitza lortzen da. Tirada batean entzun eta segidan berriro entzuteko gogoa ematen dizuten disko horietako bat.

Diskoa erritmo ertaineko balada garden batekin hasten da, «mundua aldrebes izango ez balitz...» lelo itsaskorra du Mundu Aldrebes kantuak, poliki-poliki koloretan irabazten duen kantu eder baterantz. Badakit ez dela oso zilegi esatea, baina Lou Reeden New York entzuteko gogoak eragin zizkidan kantu honek. Utzi Aske Izaiten Alkhaten estiloan erdirik erdi kokatzen da. Ukitu rockerodun erritmo ertaineko kantu honek melodia argia du, horretan bikaina da kantaria, eta hitzek, berriz, itxaropena islatzendute, baina topikoetatik urruti; «dena dago, itxuran, lotsaren orde», dio kantuaren azken esaldiak.

Pop-rock balada bat da Gauza Oro, baina kantua aurrera joan ahala esnatu bezala egiten da, beste lelo borobil bat eta erritmo sinkopatuak eraginda. Berriro baretasunera dator, ordea, berriro altxatzeko. Folk balada baten gisara hasten da diskoari izena ematen dion kantua, Hutsaren Hatsa,gozo-gozo kantatutako hau oso barnetik emana dago,eta nabaritzen da. Kantu erditik aurrera, kantuak bihurgune rockeroa hartu eta indarrez amaitzen du, berriro ere. Itxaropena da geratzen dena. Erre Hitza rockero dator hasiera-hasieratik, eta baita hurrengo Ezinaren Izenean ere, aurrekoa baino melodikoago baina indartsu, hala eta guztiz ere. Esku eta Luma-k, agian diskoko kanturik elektrikoenak, garapen geldoagoa du, baina hasieratik dakarren tentsioak eta intentsitateak indar berezia ematen dio eta bukaerako leherketak hala baieztatzen du. Blues akustiko batek ixten du diskoa, ez du beste sekreturik, baina Aguxtin Alkhaten ahotsaren dohainak ageriago uzten ditu. Ez da modu txarra horrelako disko bat amaitzeko. Niko Etxarten itzala luzea baita.

Ezer gutxi gaineratzeko; akaso, berriro ere, Alkhatekin diskoan aritu diren musikarien lana goraipatzea, eta, garaiek kontrakoa agindu arren, beste bizpahiru kantu eskatzea, entzulearen gosea asetzen laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.