KRITIKA. Antzerkia

Asklepioren oilarra

Agus Perez.
2016ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun

'Socrates: juicio y muerte de un ciudadano'

Egileak: Mario Gas eta Alberto Iglesias. Zuzendaria: Mario Gas. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 27.

Antza denez, zikuta edan ostean hilzorian zegoela, hitz hauek esan zizkion Sokratesek Kriton bere lagun hurkoari: «Gogora ezazu oilar bat zor diogula Asklepiori. Zorra kitatu gero!»

Halaxe dio kondairak historia bihurtuta. Zeren eta K. a. 399. urtean gertatutakoaz ahoz ahoko transmisioa eta Sokratesen ondorengoek idatzitakoa baino ez dugu. Kontua da Asklepio osasunaren jainkoa zela greziarrentzat —Eskulapio erromatarrentzat—, eta haren omenez sakrifikatzen zirela oilarrak, sendabide eske. Hitz mitiko haiekin, beraz, bere ironia finaren azken maisulana utzi zigun Sokratesek, alde batetik ordura arte izandako osasun ona eskertuz —70 urterekin hil zen, bere umore onari esker segur aski— eta bestetik, kontraesan eredugarria sortuz, pozoituta hiltzen ari baitzen une hartan bertan.

Gainera, ironiaren kontraesana are urrunago zihoan, bere aurkako epaiketan egin zizkioten akusazio larrien artean jainkoengan federik ez izatearena zegoelako. Beraz, esaldi kondentsatu hartan, publikoki erakutsi zuen jainkoengan sinesten zuela, eta aldi berean frogatu, fede hark ez ziolako ezertarako balio izango, bere heriotzarekin frogatu ere, bizitza osoan erakutsitako koherentzia eta estoizismoa muturreraino eramanda.

Mario Gasek zuzendutako bertsioan filosofoaren kontrako epaiketa eta haren inguruko zertzeladak irudikatzen dira nagusiki, guganaino heldu diren xehetasun urriei ahalik eta probetxu dramatiko handiena aterata. Hala izanik, Sokratesen kritikek mindutako boteretsu batzuen ezinegona sumatu dugu, eta amaiera aldera elkarrizketa mamitsu bat gauzatu da kondenatuaren eta bere lagun minaren artean, Kritonek Atenasetik erbesteratzeko erregutu omen baitzion, berak zeukan dirutzak lagunduta. Epaiketa saio ospetsuan, ordea, gatz eta piperra falta izan zaizkio Sokratesen eta akusatzaileen arteko dialektikari, seguruenik testigantza fidagarririk ez dagoelako baina, batez ere, egileek filosofo handiaren kategoria bera ez daukatelako.

Testu zaharrek diotenez, Sokratesen emaztea umore txarrean zebilen beti: ez zen harritzekoa, ordea, pairamen handikoa izan behar baitzen haren ironia lazgarriak eta muturreko onestasunak dakartzan pobrezia jasateko! Dena dela, bera izan da kontakizun osoko emakume bakarra, eta Amparo Pamplonak besaulki patioan egin duen interpretazioari esker bizi izan ditugu emanaldi aseptiko eta zeremoniatsu honetako une gizatiar ia bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.