KRITIKA. Gasteizko 43. Jazzaldia

Artista klasikoa, jazzaldi berria

Benny Golson, herenegun, Principal antzokian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun

Benny Golson



Lekua: Principal antzokia.Eguna: Uztailak 15.
Gasteizko Jazzaldiaren 2019. ekitaldiari hasiera emateko, ospe eta eskarmentu handiko artista bat entzuteko aukera izan dugu Principal antzokian: Benny Golson, jazz musikaren urrezko arotik bizirik irauten duen azkenetarikoa. 90 urterekin, saxo tenorra energia handiz jotzen jarraitzen du, Joan Monnee (pianoa), Ignasi Gonzalez (kontrabaxua) eta Jo Krause (bateria) lagun dituela. Emanaldia Horizon Ahead konposizioarekin hasi zen, zeinarekin Golsonek erakutsi zuen ez duela saxoarekin trebezia galdu. Whisper Not izan zen hurrengo pieza, Golsonek 1956an idatzi zuena Dizzy Gillespieren taldean jotzen zuenean. Nabaritu zen Benny Golsonen gustua istorioak kontatzeko. Alegia, Gillespie ospetsuak Whisper Not entzun zuenean, pieza grabatzea erabaki zuen, Golsonek berak talde propioarekin grabatu aurretik. Stablemates konposizioarekin gauza bera gertatu zen. Golsonek idatzi zuen, John Coltranek Miles Davisen taldearekin graba zezan. Hain zuzen ere, Stablemates izan zen Golson jazz musikaren mapan jarri zuen konposizioa.

Golsonek gustuko du ikusleekin elkarrizketa egitea, bere ohiturak azaltzea emanaldietan, eta baita bitxikeriak ere; esaterako, saxofoiaren mihia musika tresnaren barruan gordetzen duela, enegarrenez galdu ez dadin.

I Remember Clifford pieza arrakastatsuaren istorioa azaltzeko, tonu grabeagoa hartu zuen musikariak. Konposizio hori duela 63 urte idatzi zuen, Clifford Brownen omenez, auto istripuan hildako tronpetista ezaguna gogoan zuela. Golsonen konposizio hori ezkontza eta hiletetan jotzea ohikoa egin zen, eta gaur egun arte 500 aldiz grabatu izan da gutxienez.

Saxofoi jotzailearen adina nabaritu egin zen une batean, haren hiru taldekideak All of the Things You Are konposizioaren inguruan inprobisatzen hasi baitziren Golsonek atseden hartzen zuen bitartean. Hala ere, jarraitu zuen kontzertua Along Came Betty-rekin, Ohion (AEB) ezagutu zuen neskari eskainitako kantuarekin. Hark azaldu zuenez, pieza hori ospetsu bihurtzean, jendeak pentsatu zuen bere emazte Debbie abestiko Betty zela. Jazzaldiaren lehen emanaldia amaitzeko, laukotea ikusleen txaloen artean berriro atera zen azken atala jotzeko, guztioi inbidia emanez 90 urterekin hain osasuntsu dagoen musikari bat izanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.