'Leiho digitala. Museoen bildumetara hurbiltzeko modu berriak'
Non: Tabakalerako 2deon, Donostian.Noiz arte: Uztailaren 31ra arte.
Maiatzaren 31n, Tabakalerako kultur proiektuaren barruan, 2deo ikus-entzunezko laborategi digitalak ateak zabaldu zituen, helburutzat euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa dituenak. Gunea zabaltzearekin batera, alboko espazioan erakusketa bitxi bat antolatu dute, puntako teknologia, artea eta gaur egungo gizartearen kultur kontsumorako bide berriak uztartzen dituena, etengabe zeharkatzen gaituen testuinguru digitalaren bidez gogoetarako bide berriak plazaratuta.
Leiho digitala. Museoen bildumetara hurbiltzeko modu berriak izenburupean, scModules proiektua aurkeztu dute Donostiako zentroan, artelanak bereizmen handiarekin digitalizatzen dituen Madpixel erakundearen proiektua. Madpixelek Second Canvas plataforma sortu zuen, sakelakoetan eta tabletetan artelanak bereizmen handian ikusi ahal izateko aplikazioa. Orain aurkezten zaigun erakusketa honetan, Paris Musees erakunde publikoak —Parisko hamalau udal museo elkartzen ditu— argitaratutako Paris Musées Second Canvas aplikazioaren bitartez, museo multzo horretako zazpi maisulan ikus ditzakegu, horretarako sortutako euskarri berezi batzuen bidez.
Gailu horiek erakustaretoan zehar zabaltzen dira, aldeetatik eta sabaitik zabaldutako kubo formarekin. Barruan, ikusleak manipula dezakeen tableta bat aurkezten dute, eta euskarriaren aurrealdeko proiekzio batean tabletan manipulatzen dugun irudia erreproduzitzen da, artelan horien detaile txikienak ere arakatzeko aukera eskainita. Horrela, egitura hauetan Francois Boucheren Les Repos des nymphes retour de la chasse, dit Le Reour de chasse de Diane (1745), Claude Moneten Soleil couchant sur la Seine à Lavacourt, effet d´hiver (1880), Charles Theveninen La fête de la féderation, le 14 juillet 1790, au Champ-de-Mars, actuel 7èmearrondissement (1792), Gustave Couberten Les demoiselles des bords de la Seine (été) (1857), Arie Johannes Lammeren Atelier d´Ary Scheffer, rue Chaptal (1851), Amadeo Modiglianiren Femme aux yeux bleus (1918) eta Cristobal Balentziagaren Manteau du soir (1968) artelanez goza dezakegu.
Bai, ez da zehazki arte erakusketa bat. Teknologia erakusketa bat dela esan genezake, baina, zuzenki, gaur egungo gizarteak artera eta, orokorrean, kulturara gerturatzeko dituen bide berrien adibide konkretu bat erakusten duen dispositibo bat da. Baina horregatik ez du interes gutxiago; oinarrian nahiko sinplea dirudien arren, artearen inguruko gogoeta interesgarriak pizteko gai den proposamen bat baita, egun ikusten diren arte garaikideko erakusketa asko baino gehiago. Artearen historian, haren mugak bultzatuz joan dira artistak, eta haiek zabalduz edo eraldatuz, esanahiak eta interpretazioak ere aldatuz joan dira. Gaur egun, geroz eta barneratuagoa dagoen teknologia bati esker, artea geroz eta dinamikoagoa da; eta, era berean, artelanera hurbiltzeko euskarriak eta bitartekoak zabaldu egin dira; ikuslearen eta artelanaren harremana aldatu ere egin dute, espazioa, objektua eta ikuslearen arteko harremanean narratiba berriak sortuz.
Eraldaketa horiek guztiak, asko sakonak eta denbora pasarte labur batean garatu eta ezarri direnak, artearen historian eman diren inflexio puntuen hondarreko iraultzak dira, baina ez dira azkenak izango. Bere garaian jada inpresionistek figuraren desagerpenean pisu handia izan zuten, ordura arte ukiezina zen hori zalantzan jarri eta artearen heriotzaren teoriak berriz ere sustatuz. Figurak errealitatearekin zuen antzekotasuna arteak zuen artifizialtasuna naturalizatzeko modu bat zen. Hau da, estetika kantiarra, edertasuna naturaltasunean ezartzen den hori, artearen edertasun honek edertasun naturala zehaztasunez erreproduzitzeko duen gaitasunean ezartzen zen. Figuraren desagerpenarekin benetan artistikoa zena desagertu zela zirudien, artea erreferente bezala bere burua hartzen hasi baitzen, eta horrela, besteak beste, bildumagileak eta kritikoak artearen azken ezaugarri definigarrira heldu ziren, errepika ezin zitekeen objektu bakanarena.
Mundu digitalean, objektuak kode bitar bilakatu dira, eta «naturaltasunaren» ideiak ere berrirakurketa berri bat eskatzen dute. Ikuslea jada ez da artelanaren inguruan mugitzen, horrek gure hatzen mugimenduei erantzuten die. Artelana zabaltzeko eta txikitzeko gai gara, mugimendu honekin figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugak behin eta berriro apurtzen ditugularik, irudia handitu eta haren ulermen prozesua eraldatuz; eta, azkenik, erreprodukzio fidelaren ideia figuratik teknikara pasatzen da, pintzelkada eta kolore bakoitzaren detaile txikiena jasotzeko gai baikara. Zeren, azken finean, zer da naturala eta zer artifiziala gaur egungo gizartean?