'Re Flexión'
Egilea: Jesus Lizaso. Non: Rekalde aretoan (Bilbo). Noiz arte: Maiatzaren 1era arte.Egurraren eta burdinaren materialtasunean eta haiek Jesus Lizaso artista bizkaitarraren eskuetan lortzen duten ilusiozko malgutasunean ardazten da Rekalde aretoko azken proposamena. Agerikoa den formen protagonismo ukaezina gordetzen du 1961. urtean Barakaldon jaiotako artistaren inguruan antolatu den erakusketak, haren ibilbidea aurkezten duten 27 eskulturek osatzen duten multzo baten bitartez.
Rekalde aretoa espazio ezin hobea da Lizasoren lanak erakusteko. Bertan, antolaketa kronologikoa atzera utzita, artistaren aro guztietako lanak nahasten dira, beren artean garaitik at dagoen elkarrizketa bat sortuz. Figurazioa, sinbolismoa eta antropomorfikora jotzen zuten lanak bere azken garaiko Ortrotopiekin nahasten dira, eta, dudarik gabe, (azken horiek) multzoko protagonistak bilakatzen dira. Azken multzo horretan metalarekin eta egurrarekin jolasten da artista, guztion logikaren barruan ezinezkoak diren tolesturak sortuz.
Horrela, erakusketari ezarri zaion izenburuaren bitartez (Re Flexión), horrek plazaratzen duen bidegurutzean murgiltzen gara. Alde batetik, grabitatea, pisua eta materialaren malgutasuna elkarrekin lotzen dituen plastikotasun baten aurrean aurkitzen gara, teknika maisuki menperatzen duen artista baten lan-prozesuaren emaitza gozatuz. Izenburuaren irakurketa fisikoa da hori, makurdura eta tolesturarena, kontzeptutik at materialaren eta prozesuaren arteko ageriko harreman baten bitartez eraikitzen dena. Artistak berak esan bezala, «sortzeak materiarekin elkarrizketa bat izatea esan nahi du: entzun besterik ez da egin behar, eta momentuan zer bilakatu nahi duen ulertu. Piezak funtzionatzen badu, kontatu digunari adi egon garela esan nahi du». Hitz horiekin, artistak agerian uzten du artelanarekin duen elkarrizketa, printzipioz emaitzari karga kontzeptual guztia kendu nahirik.
Baina arte garaikidearen barruan bizi dugun garai honetan benetan posible al da karga kontzeptuala lan prozesu eta emaitzatik at uztea? Materiarekin duen harreman eta elkarrizketa hori alde batera utzita (kontzeptualki gai hori landu genezake baina), elkarrizketaren barruan hirugarren elementua azaltzen da: ikuslea. Ikusleak ere bere harreman propioa eraikitzen du artelanarekin, eta, alde horretatik, erakusketaren izenburuaren bigarren adierara hurbiltzen gara: gogoeta edo hausnarketa. Eta elkarrizketa horrek aurkezten duen hausnarketaren barruan, ikusleak, artelanaren bitartez, artista eta hark betetzen duen paperaren inguruko gogoeta sortzen da.
Materiaren eta formaren arteko lotura horren emaitzak ikuslearen fokua simulazioaren, gezurraren, ilusioaren edo magiaren inguruan kokatzen du, eta artistari normaltasunetik at gelditzen diren gaitasunak asoziatzen zaizkio. Bereziki gustatzen zaizkit artistaren profilaren inguruko gogoeta horiek, arte garaikidearen barruan artistaren inguruan hain ohikoak diren iritzi ezkorrez gain, teknikaren domeinua eta estetika nahasten dituen ilusioaren esparruan kokatuz. Duela gutxi Iñaki Arzoz artista nafarrak BilbaoArten Artea, magia eta ilusioa zikloaren barruan eskainiriko aurkezpena ikusi ahal izan nuen, eta bertan, artearen eta magiaren arteko harremanaz hitz egiteaz gain, artista teoria pan-xamanistaren barruan aurkezten du, besteak beste, medikuarekin, magoarekin, zientzialariarekin, filosofoarekin edo mistikoarekin batera, egungo pertsonaia garrantzitsuenen jatorria antzinako xamanarengan kokatuz. Prisma berezi horretan ardazten bagara, Lizasoren lanek magia eta ilusioarekin eduki ditzaketen loturak estuak direla konturatuko gara, Barakaldoko artistaren irakurketa berezi zein interesgarri bat garatuz.
Zeren zer dira, ba, artista bizkaitarrak egurra eta metalalanduz sortzen dituen suge, deformazio eta presioak? Ez al dira, ba, haiek ilusioaren eta magiaren materialtasun eskultorikoa? Arzozen hitzetan, magiaren barruan bi alderdi bereizten dira: batetik, magia tekno-zientifikoa, hau da, eredu arrazionaletan oinarritzen dena («Nahiko garatua den teknologia oro eta magia bereizezinak dira» -Arthur C. Clarke-); bestalde, magia artistikoa, benetakoa, sinbolikoa. Jesus Lizaso bigarren joera horren adierazgarri garbi bat izan daiteke, betiere ikuslearen irakurketa aztarna horietatik bideratzen bada.