Francisco Goya
Erakusketa: 'Asmatutako estanpak'. Lekua: Bilboko Arte Eder museoa. Noiz arte: irailaren 23ra arte.
Bortxaketak, zezenketak, sorginak, torturatuak, elefanteak. Goyaren (1746-1828) mundua, errealitatearen eta fantasiaren artean kokatzen den unibertsoa, zuri-beltzekoa, urruna baina gaurkotasun handikoa, erakargarria eta misteriotsua, iluna bezain argia. Maisu espainiarraren grabatuak dira, eta Bilboko Arte Eder museoan daude ikusgai. Erakusketaren muina aragoarraren erreferentziazko lau serie osoak ditugu; guztira, 224 estanpa. Horien inguruan, kontestualizazio diskurtso interesekoa antolatu dute hainbat egileren beste 30 grabatu eta pinturaren bitartez, grabatuaren historia eta Goyak tradizio horretan izandako eragina azpimarratuz.
Estanpazio teknika menperatzen du Goyak; akuafortea, urtinta, zizela eta punta lehorra, marrazkia trazatu, bolumen efektuak lortu... Aldi berean, sekulako sormen askatasuna agertu zuen paperean, pinturan baino gehiago. Natura, Velazquez eta Rembrandt, beste maisurik ez zuela izan adierazi zuen margolariak. Rembrandten grabatu batek ematen dio hasiera erakusketari, Durero eta Nurembergeko eskolakoekin batera.
Goyaren lanak kronologikoki kokatu dira, noizbehinka beste pieza batzuk tartekatuz. Kapritxoak (1797-99), 80 estanpaz osatutako seriea, garaiko ohitura eta sinesmenei eginiko satira bisuala dugu. Zorroztasun handiz, herri xehearen sineskeria eta praktikak, eta apaizeria zein aristokrazia talde pribilegiatuen ezjakintasuna eta utzikeria salatzen ditu. Funtzio hezigarriko ohar anbiguoak darabiltza Inkisizioarekin arazoak saihesteko asmoz, eta horrek areagotu egiten du haien izaera enigmatikoa. Eszena garratzak ditugu oso, trufati eta ironikoak. Jenialak. Sorkuntza grabatuak dira Goyarenak, duda barik, eta ez garaian ohikoa zen eran, arte jasoa erreproduzitzekoak. Ideia hori azpimarratzeko, modu egokian hainbat artista garaikideren lan grafikoak —Hogarth, Volpato zein Piranesirenak— ere erakusten dira.
Gerraren hondamendiak (1810-14) Espainiako Independentzia Gerra abiapuntu hartuta gauzatutako 82 estanpaz osatutako seriea da. Gertaera zinez gogorrak dira; asko, gordin eta errealistak, eta beste asko, alegorikoak(Hil da egia). Serie izugarria da, irudi boteretsuduna, testigantza historikoa izateaz gain, gerraren ankerkeria agerian utziz indarkeria eta haren irrazionaltasuna unibertsalizatzen duena.
Onarpen popular handiagoa eta irabazi ekonomikoa lortu eta zentsura arriskutik kanpo geratu guran 33 grabatuko Tauromakia (1814-16) osatu zuen Goyak. Zezenketa eszenek samina eta krudelkeria agertzen dute; gutxitan, epikotasuna eta bai zezenaren duintasuna. Orduantxe sortu zen zezenketa, eta artistak gertaera eta oroitzapen pertsonalak irudikatu zituen, hala nola zezenketa profesionalen lantze ospetsuak. Antonio Carniceroren garai bertsuko grabatu zein Picasso, Saura edo Baconek tauromakiari eskainitako lanekin osatu dute espazioa.
Burugabekeriak edo Atsotitzak (1816-19), ziur aski bukatu gabea, 22 estanpaz osatzen da, eta ez ziren 1877ra arte argitara eman. Serie hertsi eta misteriotsuena dugu. Giza desio eta angustiak modu barregarri eta terriblean tratatzen dira. Sekulako sortze askatasuna erakusten du bertan pintoreak, eta interpretazio eta teoria ugari sorrarazi ditu, Pintura beltzen (1819-23) ildoan, kutsu oniriko eta surreala baitarie pertsonaia grotesko eta fantasiatsuei. Funtsean, autoritatea irudikatzen duen ororen —ezkontza sakramentua, kleroa, armada— aurkako subertsio satiriko eta zoroa dugu, modernitatearen ateak irekitzen dituena.
Goyaren estanpen oinordetza eta eragina ilustratzeko asmoz, XIX. mendeko eta XX. mendeko artisten lanak ere badira. Aipagarriena margolariak abangoardietan eragindako proposamen aske bezain iradokitzailea dugu: Millares, Saura, Appel edo Baconen Lying figure in Mirror (1971) bikaina.
XVIII. mende bukaera eta XIX. mende hasierako Espainiako ahots kritiko bortitza dugu Goya. Disimulurik gabe erakusten du errealitatea, gizakion alderdirik ilunena eta munduko engainuak deskubrituz. Garai, leku eta testuinguru batera mugatzen badira ere, horiek gainditu, eta gizakion betiko arazoen gainean hitz egiten digute.
Museoko bildumako lanekin osatu da erakusketa; egiaz, nabarmentzeko moduko ekimena. Hala, haren helburu didaktiko eta zientifikoa —muntatze apropos eta baliabide tekniko erabilgarriekin— betetzen du museoak, hau da, bere funtsak ikertu eta jendaurrean erakustea —papera noizean behin soilik atera daiteke sotoetatik—, aldi berean, krisi garaiotan kostuak murriztuz.
.
Kritika. Artea
Arrazoiaren ametsetatik, munstroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu