Literatura. 'Gure historia da etorkizuna'

Arrazismoa norabide anitzekoa eta klasista da

Idazlea: Nick Estes. Itzultzaileak: Amaia Astobiza eta Danele Sarriugarte. Argitaletxea: Katakrak.

2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Liburutzarra argitaratu du Katakrakek: Nick Estes unibertsitate irakasle eta ekintzaile siouxaren saiakera, Garbiñe Elizegiren hitzaurrearekin lagundutakoa, eta Danele Sarriugartek Amaia Astobizarekin elkarlanean ingelesetik itzulitakoa.

Gure historia da etorkizuna. Standing Rock vs Dakota Access oliobidea, eta indigenen erresistentziaren tradizio luzea saiakeran, herri indigena iparramerikarren borroka-tradizioaren berri ematen digu ikerlariak, ibai inguruko lurren eta AEBek bertan egin nahi izan dituzten zenbait eraikuntzaren kontrako altxamenduen historia kontatuz.

Zazpi ataletan banatua dago unibertsitate-ikerlariaren lana: lehenik, Setioa eta Sorrera kapituluetan, kolonizatzaile anglosaxoien historia berrikusten da, indigenen bertsioak ekarriz; Gerra eta Uholdea ataletan, Missouri ibaiaren inguruko herri indigenen lurretan AEBek eginiko triskantzaren eta haren kontrako erantzunaren berri ematen da; eta, azken hiruretan, Red Power, Internazionalismoa eta Askapena atalburuetan, borrokatik eratorritako irakaspena gogorarazi, eta aktibismo indigenaren transbertsalitaterako bidea ezagutarazten du Estesek. Ibilbide hori gogoratuz, irakasleak indigenen izatearen harrotasuna berreskuratzen du; tradizioari loturik, herri bateko kultura baten autoestimua berreskuratzen du, eta munduari jakinarazten dio.

Nagusiki, Ameriketako Estatu Batuetako arrazismo estrukturalaren inguruko argumentazioa gailentzen da liburuan. Obamaren eta demokraten gobernuari eginiko kritikek argi uzten dute herrialde horretan arraza-gorrotoa estrukturala eta norabide anitzekoa dela, klasismoari lotua dagoena. Alde horretatik, Estesek hainbat adibide ematen ditu, ikus dadin lehen presidente beltzak zurien aldeko politikak aplikatu zituela, are beste talde etniko gutxiagotuen kalterako izan zitezkeenean ere. Irakurketan zehar, behin baino gehiagotan etorri zaizkit akordura arrazismoa lantzen duen eta 2004an estreinatu zen Crash film amerikarraren harira, Obamaren agintaldian bertan, Paul Haggis zuzendariaren hitzak: «Demokratentzako errealitatearen zaplaztekoa da hau». «Guztia egiteke dago», gogorarazten digu. Hemen ere bai.

Estesen testuaren egiaztapen bibliografikoa hain da sakona, ezen lehen begi-kolpean irudi lezakeena baino hausnarketa poliedrikoago baterako aukera ematen duen irakurketak.

Hala ere, Elizegiren hitzaurrean euskaldunontzako balio duen testua dela aldarrikatzen da, bi kultura zapalduren arteko antzekotasunak iradokiz. Harritu nau sinbologia anbibalentearen agerpenak. Xabier Gantzarainek Zuloa-n Gernika aipatzen zuen gisa horretan: euskal foruen bihotza, baina herritarren kontrako bonbardaketak. Antzekoa ematen da aditzera liburuan, Missouri ibaiaren inguruan errotutako indigenen historiaren kontakizuna kolonoen kontakizunarekin alderatzen denean, tradizioz indigenentzako bizitza izan dena, kolonoen eskutik heriotzaren sinbolo bilakatu baita. Missouri da gure Gernika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.