Eskean Kristo. 'Ezkurrik onenak'

Arratiako basapiztiak

Diskoetxea: Baga-Biga.

2016ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Gaur egun euskarazko rock & roll azkar eta bizia batez ere Bidasoa inguruan —eta lehenagoko garaietan iparraldean— sortu zitekeela uste izatekotan nengoenean ezagutu nuen Eskean Kristo, Euskal Herriko beste muturretik zetorren taldea, Azkue fundazioak antolatutako Banden Lehia irabazi berritan lehen diskoa plazaratu eta Bilbao BBK Live jaialdian joko zutela jakin nuenean. Nire ideia burugabe hark bat-batean egin zuen alde unibertsoko zulo beltzik ezkutuenera, Arratiako taldearen lehen akordeak entzun bezain pronto. Rock doinuz betetako Azote Kaldüz! lehen lanak ezagutzera eman zituen herrialde osoan, baita Euskal Herriko txoko ugaritako agertokiak zanpatzera eraman ere, zuzenean ikusi ditugunok ongi dakigun bezala, herri guztietan arrastoa utziz.

Bigarren lanarekin datoz oraingoan, eta Ezkurrik Onenak izenpetutako lanean aurreko ildo beretik jarraitzen dute, protagonista direlarik 1970eko hamarkadako rocka, abesti gordinak eta letra zuzenak, umore beltzekoak, burlaz eta ironiaz beteak. Ez dira bakarrik egon baina diskoa egiterakoan, izan ere, eta aurreko lanean Niko Etxarten kolaborazioa izan ondoren, honako hau hainbatekin elkarlanean grabatutakoa dela esanik ez naiz aldrebeskeria handirik aipatzen ari, izan ere, diskoa osatzen duten sei abestietatik bostetan taldekoa ez den pertsonaren batek edo bestek hartu baitu parte, izan letrak moldatzen, Radiobenta abestiko hitzekin Iñigo Astizek egin bezala, izan instrumenturen bat jotzen, Vicent Zaragozak eta Asier Garciak Ardigaldua-eko perkusioekin eta Jorge Truebak Aita Saldu Nauzu-ko pianoarekin diskoari amaiera borobila ematen dionean lez, edo izan abesten, Bart Farrellek diskoari izena ematen dion abestian, pertsonalki gehien gustatzen zaidan Zaloa Urainek Otso Basati-n, edota agian bitxiena suerta dakigukeena ez baita ohikoa rock —and— roll taldeetan halakorik, Arratiako Luis Iruarrizaga abesbatzak Aita Saldu Nauzu kantuan egindako kolaborazioak. Mikel Laboari omenaldi txikia ere ageri zaigu Gure Bazterrak Blues abestian, baina ez da izenak dioen bezala, kanta blues doinuetan aurkituko duguna, moldatuak baitira bai hitzak eta baita melodia ere, gordinago eginez, zakarrago eta ironikoago, taldearen estilora eramanda. «Txarririk txarrenak ezkurrik onenak jaten jozak» esaeratik omen dator diskoaren izenburua eta animalia basatiak une oro aurki ditzakegu, baina lanari izena ematen dion abestian errepikatzen den esaldiak disko osoan diotenari erreferentzia egiten diola esan dute taldekideek, esparru ezberdinetako salaketa mezuak presente baitaude nonahi.

Ordu erdira heltzen ez den lana da bizkaitarren bigarrena, baina laburra izanik ere, indar handia transmititzen du, riff itsaskorrez eta bereizgarri duen ahotsez nabarmendua. Rock —and—rolla Euskal Herri osoan egiten dela esatera datoz, eta ez dira isilduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.