Diskoetxea: Baga Biga.
Are you ready? garrasi ozenaren oihartzuna entzun daiteke oraindik ere areto txiki eta ilunean. Hutsunea betetzeko beharrak agerian utzi ditu oinordekoak. Beratik Arratiara iritsi da euskarazko rock&rolla. Eskean Kristo taldeak hartu du Sexty Sexers apalduen testigua, baina goiz da esateko ordezko aproposenak ote diren. Antzekotasunak ezin dira ukatu. 70eko hamarkadako elementu berak gustuko dituzte, aldarri ezagunak, alkoholaren kolorea eta zuzeneko biziak. Ahoskerak ere badu berea. Nafarrera bihurritik, ezkutatu ezin duten bizkaiera basatira pasatu gara. Berbategi berezitua irakurtzeak merezi du.
Banden Lehia musika lehiaketa irabazi ondoren, Azote Kaldüz! lehen diskoa grabatu eta kaleratzeko aukera izan dute. Lehiaketek gaur egun duten balioa zalantzan jarri gabe, musika talde gazteek zein hasiberriek dituzten aukera urriak ondo probestea da bidea. Horretan asmatu zuen Arratiako boskoteak. Maketatik diskorako bidean, zimino izateari utzi eta suge tartean sartu dira. Ordea, ziminokeriak ezin izan dituzte baztertu. Koruen lanketak are erakargarriago egiten du abesti bilduma.
Egin Kasu eta entzulea adi. Kontzertuetako magia bizia diskora eramatea horren zaila denean, helburua lortu dutela esan daiteke. Madarikazioa bideoklip gisa jantzi badute ere, ez daude inor engainatzeko egiten duten musikarekin. Rocka dute oinarri eta sustraia. Horregatik, Niko Etxart gonbidatzea iruditu zitzaien aproposena. Euskarazko rockaren sortzaileak aise egingo luke tokia taldean. Latigo! kantuak urruneko bi belaunaldi bateratzen ditu. Deabrua ere ez da falta, modu pausatuan bada ere. Negar egitea oso beratarra geratu zaie, eta The Uski's taldeak lasai asko kantatuko luke Sardina Bat. Eta, noski, whiskyari gorazarre egitekoa bukaerarako gorde dute. «Etortzen bazara ekarri whisky botila bat ekarri» dio erreguka Kptain Putre kantuak. Entzungarri eta borobilena, ordea, Hona Gona Gori da. Bonus track moduan Lemoako Karabie gaztetxeari eskainitako kantua sartu dute diskoan.
Suge artekoa ez da jolasa izan. Hamar hozkadek askatzen duten pozoia behar bezalakoa izateko, ez dira edonora joan. Berakoek probatu zuten gauza bera nahi zuten Arratiakoek. Andoaingo Garate estudioan grabatu zituzten abestiak, Martxel Arkarazoren gidaritzapean. Bizkaikoen lan onarekin batera, txalotzekoa da Arkarazok lorturiko soinu zaharra bezain gaurkotua.
Horren urrun eta horren gertu daudela ikusita, soilik gauza bat falta zaie konpartitzeko: agertoki bera. Gazteek horren gazte ez direnak gainditzeko gogotsu daudela ikusita, ea harra pizten zaien, eta musikazaleok ikusteko aukera dugun. Ez diegu berriz ere galdetu edo esango.
Eskean Kristö. 'Azote Kaldüz!'
Arratia Rock City
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu