KRITIKA. Dantza

Argia, musika eta dantza

Agus Perez.
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun

'CreAcción'

Konpainia: Metamorphosis dance. Jatorrizko ideia, koreografia, dramaturgia, jantziak eta eszenografia-diseinua: Iratxe Ansa, Igor Bacovich. Musika: Juan Belda. Argiak: Nicolas Fischtel. Dantzariak: Kate Arber, Katie Currier, Sephora Ferrillo, David Serrano, Igor Bacovich.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriaren 6a.

Kolore gris-beltzeko eremu eszeniko hutsean agertu da lehen dantzaria —Igor Bacovich— bere gorputzaren enbor ederra agerian zuela eta praka beltzak gorputzari doituak zeramatzala.

Juan Beldaren musika aurreratu eta inguratzaileak lagundu du hasierako solo kementsu, atletiko, pausatu eta kontzesiorik gabeko horretan, eta pieza honetako beste lau dantzariak agertu direnean, guztiak ere beltzez jantzita —diseinu ederreko maillotekin neskak eta, praka beltzaz gain, alkandora garden batekin gizona—, koreografia erdi kaotiko batean murgildu dira, Trisha Brown eta enparauen parametroetatik ibiliz nolabait, hau da, dantza hutsak eskatzen duen araztasun erabatekoari jarraikiz.

Lehen atal horretan guztien jarrerek eman digute atentzioa, subliminalki gogoratzen zigutelako Game of Thrones bezalako fantasiazko istorio epikoen estetika, betiere neurritasunetik irten gabe. Bigarren ataletik aurrera, ordea, erloju baten tik-taka musikaren erritmoan sartu denean, beste fase batera igaro gara, non mugimendua jostagarri bihurtu eta hutsaltasunetik hurbilago ibili den, Bacovichen erakustaldi akrobatiko politak gorabehera.

Bitartean, argi linealen erabilera dinamikoak efektismoaren arriskuaz ohartarazi digu une horietan, baina geroago gauzak beren onera itzuli dira koreografiaren zatiak ezin hobeto elkartuta zeudela ikusi dugunean eta argien, musikaren eta dantzaren erabateko elkarketa gauzatu denean. Esan bezala, hodi formako argi zuriekin —tonu eta intentsitate ñabardura batzuekin noizean behin— egindako efektu aldakorrak benetako eremu eszeniko garaikidea osatu du, eta musika, bere aldetik, ezinbesteko partaidea izan da pieza honen planteamendu artistikoan.

Beldaren konposizioa hari-instrumentuen hondo batekin hasi da, noizean behin bat-bateko kolpe-nota batzuekin zipriztinduta, baina, emanaldiak aurrera egin ahala,beste bide batzuk esploratu ditu, beti dantzaren zerbitzuan, noizean behin karranka-soinuetatik hurbil baina puntu horretara inoiz ailegatu gabe, eta edozein melodia posibletatik ahalik eta urrunen beti.

Deigarria izan da dantzariek gehienetan hartutako erronka-jarrera —hankak erdi tolestuta, oinak elkarrengandik urrun...—, eta pasarte gogoangarrienen artean hauek ekarriko ditugu hona: hiru emakumeek pianoaren musika pean osatutako hirukote hipnotikoa —gerora bi izan dira—, bi gizonek irudikatu duten borroka-jolas metaforikoa eta lau argi zutaberen kaiolan bost dantzariek egin duten erritmo koordinatuko pasartea.

Itzela izan da denen prestakuntza eta koordinazioa, eta amaitutakoan argi-hodiak goitik bertikalean eta leun jaitsi direnean, dantzak bakarrik ematen digun erabateko asebetetzea sentitu dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.