KRITIKA. Gasteizko 44. Jazzaldia

Argi-ilun ñabardura paregabeak

2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun

Kathrin Windfeldeta Moises Sanchez



Lekua: Iradier Arena, Gasteiz. Eguna: Uztailaren 16a.

Kathrin Windfieldek eta bere bandako bost lagunek Jupiter-ekin eman zioten hasiera ostiraleko kontzertuari, entzuleak Eguzki Sisteman zehar bidaiatzera eramanez. Harvest, berriz, neguko haize hotzak udako epeltasunarekin topo egiten duen momentuari buruz pentsatuz idatzi zuen. Horri ohore eginez, Siberia-Gasteizko hotzak egun eguzkitsu eta bero bati egin zion lekua. Eta bero-bero jardun zuen Tomasz Dabrowski tronpetariak zati horretan, Henrik Holst Hansen bateria jotzailearekin batera.

Aurten, pandemiaren erruz abendua luzea egin dela-eta idatzi zuen Windfieldek December Elegy, zeinetan Hannes Bennich saxo sopranoa bihurtu zen protagonista. Ondoren, Ferry jo zuten, dinamismoz beteriko pieza bizia. Eta arintasunarekin jarraitzeko, baxuaren trebetasuna ederki erakutsi zuten Aircraft eta Latency konposaketek. The Wasp piezak, berriz, Marek Konarski bandako kideari buruz hitz egiten du. Artropodo baten hankak bezala mugitu ziren saxofoilariaren atzamarrak instrumentu tenorraren balbuletan. Melodia liztorren moduan hegan hasi zen piezaren ekuatorean, Windfielden gidatze lan bikaina medio. Beste balada bat eskaini zuten hurrena, Living Portland izenekoa, lasaia eta ederra, baino ez oso bizia. Bukatzeko, albumari izena ematen dion Orca izan zen entzungai.

Bestalde, Moises Sanchezen proiektuak atmosfera tetriko batez hartu zuen agertokiaren kontrola. Light Into Darkness sarreran eskuz jo zituen pianoaren sokak vibratoa lortzeko, pianoak barrunbeetatik ekar dezakeen argia nolabait hartuz, eta esku horiekin eta abesti distiratsuarekin estadioa pizteko moduko ongi etorria eman zuen. Kontrapuntua hurrengo piezarekin heldu zen: Say Something Funny. Taldeko burua txikitan Gasteizko Jazzaldia VHS zintetan grabatzetik bertan aritzera igaro da, eta ilusioz eta emozioz eskertu zuen bere egonaldia agertokian. Sanchezek badu amerikarrek stage presence deitzen dutena.

Simbiosis II eta Madness heldu ziren gero. Abeslariak, scat singing zoragarri eta oso leun batekin, bere ahotsarekin marraztu zuen pianoaren eta beste musika tresnen erritmoa. Sol abestia, Ritual albumekoa, Italian grabatu zuten, eta giroa epeldu eta lasaitu zuten harekin. Kontrabaxuaren soloaren klimax dotorea jarraituz, pianoa eta bateria gehitu ziren abestira. Hurrengo piezan (Fear of Solitude) gitarrista, tronpetaria eta abeslaria batu ziren berriz, bakartasunaren sentimendua musikalizatzeko. Solemnitate momentu itzela izan zen, giroa guztiz aldatu zuena. Cristona Mora abeslariak protagonismoa hartu zuen behingoz letradun abesti honekin. Kontzertua ixteko, lehenengo piezaren ispilu den Darkness Into Light eskaini zuten, emanaldia ziklo baten moduan bukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.