HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Gorri!'

Argi ibili!

Idazlea: Alice Briere-Haquet. Ilustratzailea: Elise Carpentier. Itzultzailea: Jean Louis Davant. Argitaletxea: Ikas.

2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Hona hemen Txanogorritxoren ipuinari egindako ekarpen bat. Zinemazaleek modan jarri duten hitza erabiliz, prequel bat da Gorri!, hau da, aurrez plazaratutako obra baten (Txanogorritxo) aurrekariak arakatzen dituena, istorioa hasi baino lehenagoko gertakariak proposatuta.

Eta, lagunok, hau albiste zoragarria da.

Nik uste munduan mordoxka garela Txanogorritxo maite dugunak. Ausartuko nintzateke esatera guzti-guztiok maite dugula, maitatzea eta hunkitua izatea pareko direla onartzen badidazue.

Beharrik, ipuin honekiko zaletasun unibertsala aitortuta ere, historikoki, bi multzo handitan banatzen ahal zen zalegoa: Grimm anaiek ospetsu egin zuten amaiera onaren zaleak batean, eta Perraulten amaiera gordinaren (...eta jan zuen!) zaleak bestean. Bi aldeetakoek ematen dituzte argudio burutsuak euren hautuaren alde, hala bizitzaren gogorra ipuinekin gaztigatzearen aldekoek, nola amaiera onak haurren psikea era orekatuan garatzeko beharrezkoa dela diotenek. Ez da hau lekua eztabaidaren mamia xehe agertzeko; sakondu nahi duenak hor dauzka B. Bettelheim ospetsuak Perraulten ipuinez egindako azterketa psikoanalitikoa—lizunkeria afera gisa aztertzen duelarik otsoaren portaera—, zein S. Cashdan psikologoaren The Witch Must Die ikerketa, gaiari begirada zabalago bat eskaintzen diona eta, besteak beste, ipuinaren motibazio nagusia sabelkoikerian ezartzen duena.

Berriki (?), baina (beti dago baina bat azalpenetan), kapusai gorriko neskatoaren zaleen kontu honetan hirugarren korronte bat sortu zen, duela mende erdi G. Rodari kapitain-pilotu izan zuen literatur-tsunami batek eragindakoa, eta —besteak beste— Txanogorritxoren bertsio kontaezinak eratorri zituena. Demagun, emaitza ospetsuena B. Munari-ren Txano Gorri, Berde, Hori, Urdin eta Zuri izan zela.

Hirugarren korrontea beste bien zama pedagogikoa arintzen saiatzen direnen aukera izan ohi da. Diotenez, oroz gaindi libertimendua eskaini behar zaie haurrei, izua neurriz erabilita, eta horregatik egokiagoak dira aldaera jostagarriagoak dituzten ipuinak, otso onberak —zozoak, edota inozoak ez badira— ia derrigorrez agerrarazten dituztenak.

Gatozen harira. Guzti honetan non kokatzen da Gorri!? Dudarik gabe, hirugarren korronte Rodari-zalean, kontakizunaren ikuspegi berria eskaintzen digulako, sarreran esan bezala (prequel...).

Izan, Gorri! barre eragilea da, sinplea, egitura errepikakorrean gag sorta bat eskaintzen duena. Argi ibili, halere, haurrari irakurtzean; ahotsa jostaketara prestatu, darabilen umorea ez baita txepela. Ironia dario, alerik ale, amaierako azken ateraldira arte; zeinak otsoaren atzaparrak erakusten baitizkigu, adimen bihurriko kontalari batek egingo lukeen eran.

Ilustrazioa? Gorriz markatutako zuri-beltzean, serigrafia dirudien teknikarekin. Apropos eta bikain, tonuan zein mezua zabaltzeko maneran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.