'Hamlet who's there?'
Egilea: William Shakespeare. Zuzendaritza: Kelly Hunter. Antzezleak: Mark Arends, Steven Beard, Miranda Foster, Finlay Cormack, Imogen Daines, Sule Rimi. Lekua: Gasteizko Printzipal antzokia. Eguna: Urriak 6.
Apustu ausart batekin hasi da Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia, hasiera-emanaldirako Britainia Handiko Flute Theatre gonbidatuta. Konpainiaren logotipoaren azpiko lerroan haren nortasunaren azalpen txiki bat dakar: Shakespeare for Inclusive Audiences, nahiz eta esapide horrekin —publiko inklusiboa— ez dugu zehatz-mehatz zer esan nahi duten jakiterik. Emanaldiaren izaerak berak argitu digu haren esangura ikusle aktiboak izan zitekeela.
Kelly Hunterrek zuzentzen duen konpainiak —Royal Shakespeare Company-ko kide ere bada— zer eta Hamlet ekarri digu. Baina Hamlet gaurkotu bat. Beraiek errebisatua diote, eta egia da aldaketa estrategiko batzuk egin ostean beste ikuspegi batetik ekin diotela maisuaren tragedia nagusiari, burua galtzen duten Hamlet eta Ofeliaren pertsonaiengan zentratuta, eta bigarren planoan utzita jatorrizko argumentuaren bilakaera ezaguna.
Gaurkotze bide horretatik, xehetasun asko aldatu dira funtsezko argumentuari huts egin gabe: emanaldia lehen ekitaldiaren bukaeran hasi da atariko guztiak ezabatuta, Laertesek bereganatu ditu Rosencrantz eta Guildenstern bezalako pertsonaien rolak, krimena argituko duen komikoen eszena muturreraino sinplifikatu da, Hamleten aitaren izpirituak Hamleten beraren bidez hitz egin du bere gorputzean sartuta, eta azken eszena apokaliptikoan, gorpu meta bat osatu dute ordura arte bizirik zeuden ia guztiek.
Hunter zuzendariak apaingarri gutxiko estiloa aukeratu du eszenaratze honetarako: agertoki hutsean sofa gris batek hartu du zentraltasuna, eta bera izan da elementu eszeniko ia bakarra, protagonismo osoa sei antzezleen esku geratu baita. Beste elementua eskuma aldean egon den bateria handia izan da, eta bertatik girotu dituzte argumentuko pasarte batzuk, baina bateriaren erabilera zeharo anekdotikotzat jo dezakegu, Hamletek Cat Stevensen kanta ezagun bat ukelelean eta nahita desafinatuz abestu duena bezalaxe.
Ingelesa munduko hizkuntza bakarra izateari uko egiten dugunontzat gaztelaniaz proiektatu dira itzulpenak pantaila batean eta, hortaz, zalditik astora pasa gara euskararen ezean. Hala ere, ondo deritzot pantailaren kokapenari, agertokiko atzeko aldean jarrita asko errazten delako antzezleak eta hitzak aldi berean ikustea, batez ere lehen lerroetan egonez gero. Gainera, horrela hobeto gozatu dugu egilearen prosa lirikoaz, nahiz eta emanaldia aurrera joan ahala gero eta nabarmenagoa izan den itzulpena ez zegoela muntaiak emandako maila berean.
KRITIKA. Antzerkia
Apustu ausart batekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu