KRITIKA. Gasteizko 44. Jazzaldia

Aparteko azken ekitaldia

RAUL BOGAJO / @FOKU.
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun

Anne Paceo eta Antonio Sanchez

Lekua: Iradier Arena, Gasteiz. Eguna: uztailaren 17a.

Anne Paceo bateria jotzaile eta abeslariakoso bidaia pertsonalean eraman gintuen bere taldearekin batera Gasteizko Jazzaldiaren azken arratsaldean Iradier Arenan. Sunshine piezarekin hasi zen emanaldia, eguzkitsu giroa estadioaren kanpoaldean eta barrualdean. Pozik esan dezaket azkeneko egunean Iradierreko platea ondo beteta egon zela. Tzigane, Moons eta Toundra piezekin jarraitu zuten, zeinetan Isabel Sorlingen ahots leun baina boteretsua protagonista izan zen. Munduko musikak soinu urbanoekin nahasten dira konposizio hauetan. Sables, Circles eta ondoren etorri zen Birth and Rebirth-ek Tony Paeleman teklatu jotzailearen alderdirik hoberena atera zuten. A tempestade eta Myanmar Folk Song hurrengo bi konposizioek Christophe Panzaniren saxoaren alderdi hoberenak agerian utzi zituzten. Gazteleraz hitz batzuk egiteko Paceoren saiakerak ikusleen bihotzak irabazi zituen, karisma handiko artista baita musikaria. Polar Night izan zen azkeneko abestia, espero baino azkarrago ailegatu zena. Sorlingek eta Paceok batera abestu zuten. Kontzertu honek ustekabeko bukaera utzi zigun, oso ona. Eskerrak abesti estra bat oparitu zigutela, jaialdi osoan ikusleek eskatu arren, denbora mugek ezinezko egin baitituzte egun gehienetan bisak.

Saihetsezina den momentua ailegatu da, aurtengo kontzertuen bukaera Iradier Arenan. Amaiera ahaztezina izateko, Antonio Sanchez Special Quartet taldekoak agertu ziren agertokian sumendi baten energiarekin. Laukote berezi hau osatzen dute: Danny McCaslin, saxo tenorrean; Miguel Zenon, saxo altuan; Scott Colley, kontrabaxuan; eta Birdman filmaren soinu bandaren sortzailea, Antonio Sanchez, baterian. Txinpartak atera zizkieten instrumentuei lehenengo abestiekin, Northbound-ekin bereziki. Jazz jam baten energia aparta eskaini zuten pieza horretan. Bigarrenean, Medusa izenekoan, kadentzia moteldu zuten, eta Firenze izan zen saxu altuaren une hoberena, Zenonek melodia leku harrigarrietara eraman zuen-eta. Erritmoa azkartu klimaxera ailegatu arte, eta gaueko une gogokoenetarikoa izan zen, zalantzarik gabe. Aurreko pieza Gocta-rekin lotu zuten, bi saxoen artean jokoa azaleratuz. Sanchezek sekulako trebezia erakutsi zuen danborrekin, bere profesionaltasuna garbi geratzeko. Zelako laukotea hau!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.