KRITIKA. Artea

Apaindurarik gabeko errealitate irreala

Marina Nuñezen obretako bat, Kubo Kutxa aretoan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun

'Marina Nuñez.Azalik gabe'.

Non: Kubo Kutxa aretoan, Donostian.Noiz arte: Apirilaren 25era arte.

Estetikoki erakartzen gaituen oro ederra al da? Artearekin lotu genezakeen iruditeria tradizionalen arabera, hala beharko luke izan. Hori ez da Marina Nuñezek Kubo Kutxan egituratutako erakusketak igorriko diguna, azaleko edertasuna transmititzen duten piezak eraiki beharrean, inguruarekiko zalantzek eta kezkek sorrarazten dizkioten hausnarketen tripak azaleratzen baititu artistak. Alegia, inolako apaindurarik gabe, zuzen-zuzenean, ederra, beldurgarria, arrotza eta erakargarria denaren artean kulunkatzen dira Azalik gabe mostra eraikitzen duten artelanak.

Egun ingurumen-krisia dela medio geure inguruak sufritzen dituen eraldatze eta txikitze prozesuen inguruko hausnarketak dira Nuñezek gorpuzten dituenak. Alabaina, hausnarketa horiekin batera, bestelako gaiak jorratzen dituzten lanak ere badira, hein handi batean, mostrak artistaren lanaren nolabaiteko atzera begirakoa gauzatzen baitu. Baina artelanak eta haien euskarriak atzera begirakoek gehienetan definitzen dituzten egitura kronologikoan antolatu beharrean, gaika egituratu ditu mostraren komisario Susana Blasek. Eta esan beharra dago horrek artistaren lanak era sakonagoan irakurtzeko aukera ematen duela.

Gaika egituratutako espazioak ez dira edonolakoak, bestelako izaki eta ingurumenaz ehundutako unibertsoetara eramaten gaituzten lau orbita bezala definitzen baititu komisarioak. Hala, lau orbita haietan askotariko euskarriak aurkeztuko zaizkigu: ikus-entzunezkoak, pinturak, irudi digitalak... Horiek espazio eredu ezberdinek baldintzatzen dituztenez, sentsazio, emozio edota hausnarketa ezberdinak sorrarazteko gaitasuna izanen dute modu nahiko heterogeneoan.

Lehenengo orbitan barneratzen garenean, esaterako, ohiko erakusketa gelen antzera hormetan eskegitako hainbat artelanekin elkartuko gara. Alabaina, nahiz eta egitura hori ohikotasunetik ez den aldentzen, argi geratuko zaigu haren parte diren piezen edukiak beste zerbaitez hitz egingo digula; hein handi batean, zientzia-fikziozko atmosfera batez blaitutako pertsonaiak eta espazioak agertzen baitira Nuñezen konposizioetan.

Zientzia-fikziozko film baten partaide garela sumatu dezakegu bigarren espaziora gerturatzen garen heinean, pertzepzioen eztanda bigarren eta hirugarren orbitak biltzen dituen espazio zabalak eskaintzen baitu. Izan ere, jada lehenengo espazioan sartzen garenean soinuak sumatzen ditugu, eta, haiek erakarrita gerturatzen garenean, ikaragarria bezain erakargarria den ikus-entzunezko batek hartuko gaitu. Murru altu, zabal eta luze batean proiektatzen da hura, eta bestaldean beste proiekzio bat izanen dugu. Batak eta besteak naturarekiko erreferentzia zuzenak igortzen dituzte.

Haien edukia bera ere kontrajarria da, batean pertsonaia femeninoek okupatutako natura arrazional, geometriko eta hipnotikoa dagoen bitartean, beste aldean, naturaren botere neurrigabeak txikitzen duen pertsonaia maskulino baten arrastoak baititugu. Hain zuzen, ildo horri jarraitzen diote ingurua hornitzen duten beste piezek, eta lotura zein hausturen artean elkarrizketa irmo bat sortzen da.

Aipatzekoa da mostraren azkeneko gelan aurkeztutako pieza solte geratzen dela, artista beraren lanen edukiaren inguruko hausnarketa tematiko hura urratzen baitu. Alegia, hein batean, mostra konposatzen duen ildotik ateratzen gaitu, eta Nuñezen lana osotara aztertzera gonbidatzen gaitu espazio hark. Beraz, nahiz eta edukien erakargarritasuna ukaezina den, hark mostra eraikitzen duten beste gelen hausnarketa prozesutik ateratzen ditu ikusleak.

Nuñezen lanek sorrarazten didaten zapore groteskoak E.T.A. Hoffmanek esandako aipu hau ekartzen dit gogora: «Gizakiak nahiago du beldurrik okerrena mamuen munduari dagokion azalpen naturala baino; inola ere ez du gure unibertsoarekin ase nahi; beste mundu baten mende dagoen zerbait ikusi nahi du, gorputzaren bitartekaritzarik gabe mantentzeko gai dena». Eta konturatzen naiz hori ez dela gertatzen Marina Nuñezen mostran, errepresentazio oniriko eta arrotzen bidez egun mantentzen diren auziak azaleratzen dituelako. Halaber, erreala den hura era irrealean eta apaindurarik gabe igortzen digun hark gorputza zeharkatzen baitigu. Eta, ondorioz, erakusketa gela atzean uzten dugun momentuan, nolabaiteko sentipen gazi-gozo batek blaituko gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.