KRITIKA. Antzerkia

Antzerkiaren omenez

'Hoy, última función', Agus Perez
2015eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Zuzendaria: Tadeusz Wolsky. Aktoreak: Ramon Barea eta Itziar Lazkano. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: ekainaren 18a.

Aitortzen dut bitxia egin zaidala Hoy, última función (Gaur, azken emankizuna) berriz ere iragarrita ikustea, urte asko joan direlako garai bateko La Galleta del Norte literatura-tailerrak testua sortu eta Bilboko Karraka antzerki taldeak taulara eraman zuenetik. 1992. urtea zen, eta nik uste dut azkenetan zegoela frankismo garaiko eta frankismo osteko konpainia erdaldun militanteen urrezko aroa, beraiek ere konturatzen ez ziren arren.

Bolada hartako beste muntaia batzuetan bezala —Kakatua berdea, El cerco de Leningrado, El Nacional...—, oraingo hau ere 'antzerkiaren barruko antzerki' esan ahal diogun generoan kokatu ahal dugu, orduko zuzendari askori Amerika deskubritzea bezain interesgarria iruditu zitzaielako antzezleen mundu txikia eta bizipenak ikuskizun bihurtzea. Esandako estilo hari men eginez, emanaldiko antzezle biak —Ramon Barea eta Itziar Lazkano, orduko berak bide batez esanda— beren azken emanaldiaren osteko egoeran agertu zaizkigu, oihal gorri handia jaitsi eta aretotik irten diren ikusleengandik urrun.

Zaharrak dira biak, eta hogei urte daramate antzezlan berbera interpretatzen, baina gaur azken emanaldia izan da eta ez dakite nola eutsi aurrerantzean datorkienari. Muntaiaren arduradunek lehen estreinaldian aitortu zuten bezala, Ionescoren Les chaises antzerki-testua hartu zuten oinarritzat, baina argi dago beste ikuspegi bat eman ziotela, errumaniar/frantziar antzerkigilearen giro itogarritik ihes eginda eta bi antzezle zaharrak bizitzaren gaineko gogoeta samur eta malenkoniatsuan murgilduta.

Bide horretatik, efikazia handikoa da planteamendu eszenikoa, ikusleok Arriagako eszenatokian egon garelako eta antzezleen atzean besaulki-patioa eta palkoak ikusten zirelako. Jose Ibarrolaren eszenografiak ere oso gauza gutxirekin girotu du amaitzekotan dagoen mundu hori, eta aulkiak izan dira elementu eszeniko nagusia. Jatorrizko testuari jarraiki, beraietan jesarri dira antzerkiaren historiako egile eta pertsonaia handiak, eta haiei egindako harrera sorta luzearekin igaro da denboraren erdia. Izan ere, denboraren kudeaketa txar horretan datza lan honen ahulezia nagusia, testuaren egileek ez zutelako ondo aprobetxatu jatorrizko ideiak ekar lezakeena, garrantzi handiegia emanez irudimenezko figuren aurkezpenei eta gutxiegi aurrean ditugun pertsonaien egoeraren garapenari.

Dena dela, eta gabeziak gabezia, umore fina eta solasaldi sormentsuak izan dira testuaren beste ezaugarriak, eta bai Bareak bai Lazkanok nagusitasun osoz eta erabateko konplizitatean eraiki dituzte beren pertsonaia maitagarriak, bertan geundenontzat beren aurrean egotea pribilegio eder bihurtuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.