KRITIKA. Antzerkia

Antzerki espekulatiboa

Societat Doctor Alonso konpainiaren Contrakant ikuskizuna. SOCIETAT DOCTOR ALONSO.
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun

'Contrakant'

Taldea: Societat Doctor Alonso. Zuzendaritza: Tomas Aragay eta Sofia Asencio. Dramaturgia: Tomas Aragay. Mugimenduak: Sofia Asencio. Sormena eta antzezpena: Sofia Asencio, Txubio Fernandez, Tamara Ascanio, Hipolito Paton, Maria Garcia Vera, Lluc Baños, Ruben Ametlle, Alex Solsona Vallejo. Espazio eszenikoa eta argiak: CUBE. SZ. Jantziak: Jorge Dutor. Soinu banda: Ruben Lardin. Lekua: Bilboko Harrobia. Eguna: Urriak 21.

Onar dezagun mugimenduak agintzen duela eta horixe izan daitekeela ikuskizun baten logikaren ardatza. Onar dezagun aktoreen ibilbideek definitzen digutela antzezpenerako espazioa zein den eta zertan datzan. Eta jarraitzeko, onar dezagun ibilera horiek ez direla ez logikak ez narrazio batek sortuak. Hori onarturik, gozatu dugu BAD jaialdian Societat Doctor Alonso talde katalanaren proposamenaz, zeinetan hain ohikoa duten hausnarketaren ondorioaren lekuko balioztatzaileak bihurtu gaituzten.

Contrakant-en hasieran espazioa norberak defini dezakeela eta aldakorra dela ulertarazi digute. Ideia hori adierazteko, agertokiko zoruan aktore batek soka batez sortzen zuen formaren barruan paratzen ziren taldeko antzezle guztiak, juxtu-juxtu sartzen zirela, eta, hartara, edozein jarreratan pilatuta. Gabardina eta euritako txano ezberdinez jantzita, espazio berri bat eratzen zen bakoitzean hara mugitzen ziren definitu berri zen eremua okupatzera. Desplazamendu kaotiko horiekin irudi ikusgarriak eta fotogenikoak eskaini ez ezik, algarak ere piztu zituzten. Geroxeago, zortzi antzezleak agertokitik kanpo irtenda, era zoro nahiz desordenatuan ibili ziren antzeztoki batean antzerki-espaziotzat jotzen ez ditugunetan zehar.

Izan ere, Contrakant ikuskizuna Kanten kategoria analitikoen gaineko gogoetatik sortu zutela irakurri diegu. Alemaniarraren ustez, espazioa a priori kategoriakoa da. Eta horra hor katalanak —hori bai, ikusleen oniritziarekin— filosofo handiaren uste hori zalantzan jartzera etorri zaizkigula narraziorik gabeko pieza honekin, zeina poetikotasunak, umoreak eta baldarkeria formalak ezaugarritzen duten.

Amaieran, antzezleak laino sendo batean desagertu ziren, eta fokuek ikusleengana jo zuten. Contrakant-en, dramaturgia garaikideen zaleak beren saltsan sentitzen dira eta ez dute bukaera hori ulertzeko arazorik izan. Doctor Alonsoren zaleek jakin badakite publikoak egiten duela antzezpena antzezpen, eta hori bai dela mundu eszenikoan kategoria eztabaidaezina eta derrigorrezko bakarra. Eta espazioarena? Espazioa pikutara, aitzakia baino ez al da izan, ala?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.