'El Nacional'
Konpainia: Els Joglars. Lekua: Eibarko Coliseo antzokia. Eguna: Martxoak 28.
Obra honekin taldearen helduaroa hasten da» esan zuen Albert Boadellak El Nacional antzezlana 1993an estreinatu zenean, eta hitzok aipatuta hasi nuen kritikaren testua Euskaldunon Egunkaria-n. Amaiera, berriz, horrelakoa zen: «Espero dugu, beraz, zahartzaroan ez sartzea hurrengoan». Tarteko beste guztiaz ez nago batere harro —nola aldatzen diren gauzak, kamarada—, baina azken esaldi hark bere esangura hartu zuen geroan, eta etxeko arkeologia lanak erakutsi dit orduko ikuspegia eta oraingoa nahikoa aldatu direla.
Ez da lehenengo aldia Eibarko Antzerki Jardunaldiek Els Joglarsen aspaldiko lan bat ekartzen dutena —aurrekoa 2006an izan zen, La torna de la torna-rekin—, baina oraingo honetan konpainiak berak sortu du jatorrizko muntaiaren bigarren bertsioa, nahiz eta funtsean orduko berbera den, baritonoa eta aktoreren bat aldatuta eta unean uneko aipamen batzuk moldatu ostean. Badirudi Boadellaren hasierako asmoa izan zela Europan ohikoak diren Antzoki Nazional handien egitura erraldoiak kritikatzea, eta horren arabera planteatu zituen eremu eszenikoa, argumentuaren abiapuntua eta testua bera. Eremu eszenikoa benetan bikaina da antzerkiaren barruko antzerkia irudikatzeko, eta antzoki abandonatu bateko eszenatoki zaharkituan eraikina bezain zaharra den aretozaina —Ramon Fontsere— izango da mundu horretako protagonista zoragarria, Boadellaren beraren figura gorpuzten eta haren diskurtso diskutigarri eta nahasia bi ordu luzez taularatzen. Hain zuzen ere, testuaren koherentzia falta sakona eta kalitate literario eskasa dira lan honen akats nagusiak, eta han-hemenka txertaturiko txantxa errazek ez dituzte justifikatzen argumentuaren garapen eza eta edonorantz jaurtitzen dituen gezi bereizi gabeak.
Hala eta guztiz ere, antzezlanak argumentu-aitzakia ezin hobea dauka, aretozainak zer eta Rigoletto muntatu nahi duelako arlote batzuekin, benetako antzerkiaren bertuteak haiengan daudela aldarrikatuz eta bide batez arbuiatuz funtzionario bihurtutako antzezleen bidea. Hortaz, Rigoletto-ren bide korapilatsuen paraleloan doa ekintza lausoa, baina horrek aukera eman digu Begoña Alberdi sopranoaren aria bikainekin gozatzeko eta Enrique Sanchez-Ramos baritonoarekin egindako duoak entzuteko, konpainiako hiru kidek —Jesus Agelet, Minnie Marx eta Dolors Tuneu— hari instrumentuak jo dituzten bitartean. Els Joglarsen betiko estiloan bezala, bikainak izan dira antzezpenak, pertsonaia batzuen barne-karakterizazioa zalantzagarria den arren, eta amaieran ikusleek berotasun handiz eskertu dute konpainia osoaren lana.
Kritika. Antzerkia
Antzerki arkeologia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu