Literatura. 'Burgosko auzia. Iraultza eta bizi!'

Aniztasunaren gordailua

Egileak: Mikel Antza eta Adur Larrea. Argitaratzailea: Gara.

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Mikel Antzak eta Adur Larreak ondutako Burgosko auzia. Iraultza eta bizi! nobela grafikoaz hitz egiterakoan irudi bat datorkit burura: patchwork batena. Adabakiz egindako lanari egiten dio erreferentzia anglizismoak, eta hori da, hein handi batean, Antzaren eta Larrearen obraren proiekzioa. Batetik, irakurleak askotariko genero testualak aurkituko ditu orrietan, protagonismoa nobela grafikoak badu ere, eranskin bezala Burgosko Auziaren aurreko, bitarteko eta ondorengo gertaeren berri ematen du. Bukaera partean, gainera, Idiarteren abesti bat ez ezik, Monzonen testu bat ere agertzen da. Bestetik, askotarikoa da, baita ere, alderdi linguistikoari dagokionean. Euskaraz idatzita dago, baina testuinguru eleanitzaren isla zintzoa erakusten du, han-hemenka frantsesa, alemana eta euskararen beste aldaerak irakur daitezke pertsonaien hitzetan. Espero izatekoa den bezala, kontatzen diren jazoerak ez dira gertatutako guztiak, tentuz aukeratuak baizik, eta, banan-banan, txatal hauek guztiek Burgosko Auziaren mosaikoa eraikitzen laguntzen dute, patchwork-ak nola.

Alderdi narratologikotik begiratuta obra interesgarria iruditu zait. Egiturazirkularra du, kontakizunak hasten den puntu berean bukatzen baita, eta konexio-puntua preso jarraitzen duen Maritxuri heltzen zaion eskutitza da. Harreman epistolarrak, ezinbestean, istorioa bera lehertzen du, iraganera salto egiteko eta 1970era eta aurreko eta ondorengo urteetara bidaiatzeko aitzakia bihurtzen da. Zuri-beltzean kontatutako konposizioa da, baina gris tonalitate guztiekin, xehetasu nez eta mimoz. Protagonistaren karakterizazioak, bestalde, aurreikuspenekin jolasten duela iruditzen zait, nireekin behintzat hala egin du: hasierako lerroetan ez da zehazten gutunaren egilearen identitatea zein den, eta, hortaz, zein generorekin identifikatzen den ere ez. Gerra eta testuinguru militarra maskulinizatutako espazioak dira, edo, hobeto esanda, maskulinizatuta erakutsitakoak. Patriarkatuak ezarritako eskemak eta moldeak hain daude errotuta guregan, ezen nahigabe eta inkontzienteki neure buruak protagonista maskulinoa irudikatu duen. Eta Antzaren eta Adurren lanak aurreikuspen horiek irauli dizkit, ezustean harrapatu nau, eta harritzeko gaitasuna, bai eta autokritika egiteko gonbita ere asko estimatzen ditudan alderdiak dira.

Nobela grafikoa alderdi historikotik ere transzendentea iruditzen zait, iraganeko mamua berpizten baitu, eta belaunaldi gazteagoei gertatutakoaren lekukotasuna utzi. Postmemoriaren belaunaldikoa naiz ni, eta gertaerak entzun, irakurri (zenbait kasutan horien proiekzioak ikusi) ditut, baina, ez ditut sentitu sekula bertatik bertara. Iragana ahaztu nahi ez badugu, gure belaunaldiak mikro-historiak behar ditu, benetan bizi zutenen ahotsa, eta, horretarako, esan egin behar da, kontatu. Negu Gorriak musika taldeak ozen adierazi zuen aspaldi «Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko»; kasu honetan hobeto legoke esatea «Kontatzen duen herri bat ez da inoiz hilko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.