Musika-Musica jaialdia
Orkestrak: BBC Philarmonic, Bilboko Udal Banda, EOS. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregian. Egunak: Martxoaren 2an eta 3an.Beharbada, aurtengo jaialditik igaro den orkestrarik interesgarriena izan da Juanjo Mena euskaldunak gidatutako BBC Philarmonic. Ez bakarrik frogatutako kalitateagatik, baita programagatik ere —gure artean gutxi ezagutzen dena—. Beraz, interes bikoitzak mugitu ditu zaleak Euskalduna jauregiaren areto nagusira. Nazioartean ospe handia dute ingelesek antzerkirako, irratirako eta telebista saioetarako propio sortzen dituzten musika piezek. Bada, W.Waltonek Scapino izeneko komediarako sortutako doinuekin hasi zen emanaldia. Bat balira bezala azaldu ziren 90 musikariak: kide bakoitzaren tinbre berezitasuna eta erritmo indartsua umorezko ikuspegi batetik emanda. Aldiz, E. Elgarren In the South Op.50-ek Italiako Rivierara lekualdatu gintuen, izadia oparoa azalduta eta erromatar inperioa gogora ekarrita. Orkestrak ez dio muzin egin gai nagusiari; ez biolaren protagonismoarekin, ez bi interludioek erromatar legioen paradarekin edo herrikoi jaiekin. Bestelako musika, agian gogorragoa, izan ziren Peter Grimes operatik ateratako 4 interludioak; suite batean bildutako Four Sea Interludes. Benjamin Britten konpositorearen jaioterriaren deskribapen atmosferikoa, arrantzaleen herriak eta itsasoa. Orkestra batentzat benetako erronka. Juanjo Menak ez ditu galdu lehengo freskura, zuzendaritza orojokilea eta zehaztasuna; ez eskarmentu gehiago izan arren.
Bestalde, Bilboko Udal Musika Bandak merezi du orain arte eduki duena baino arreta handiagoa.R. Pascual-Vilaplana zuzendariarekin maila handia lortu du, eta musikari taldea ez da atzean geratzen alboan dauden orkestren aldean, nahiz eta euren baliabideak murritzagoak izan —41 musikari inguru, eta harizko instrumenturik gabe—. Egitarau erakargarria izan da udal banda baten agerraldia izateko, eta erabatekoak izan dira ingelesen lanak; batez ere, banda militarrentzat asmatuak. Hala nola Gustav Holst, Ralph Willians eta Samuel Barber. Soinu garbia, baretasuna, tinbreen oreka, askotariko dinamikak, in crescendo-a, afinazioa... dira haren dohainak.
Jaialdiaren bukaeran Euskadiko Orkestra Sinfoniko erraldoiak (100 musikari inguru) urregorrizko saioa eskaini zuen Gustav Holst-en Planetak-ekin, Jonathan Blooxhamen agindupean. Fantasiazko zazpi planetetan banatuta, gure orkestrak indarra erakutsi zuen Marten, magikotasuna Venusen, mugimendu hegatua Merkurion, dantza Jupiterren, iluntasuna Saturnon, indar barregarria Uranon eta beste munduko musika eta ahotsak Neptunon. Interpretazio ederraren artean, emakumeek goiko ahotsetan arazotxoak izan zituzten, eta, organoaren hasieran (Marte), tronpetista barrokoak altuegi eta aldiro denboraz kanpoko jo zuen, gero ondo zuzendu arren.