Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Anaien arteko gorrotoak emakume baten gorputzean

2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Hil Kanpaiak'

Zuzendaria: Imanol RayoHerrialdea: Euskal Herria Iraupena: 95minutu

Anaien arteko gatazkak nahiko arruntak izaten dira zineman kontatzen diren istorioetan. Imanol Rayo zuzendari nafarrak Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberria hartu du oinarri bere lana egiteko. Ez da lehen aldia zuzendari honek eleberri bat moldatzen duela; duela urte batzuk Bernardo Atxagaren Bi anai eleberria oinarri hartu eta izen bereko filma aurkeztu zuen.

Rayok aktore apartak aukeratu ditu bere bigarren lanerako. Besteak beste, Itziar Ituño, Eneko Sagardoi, Yon Gonzalez eta Itsaso Arana ikus ditzakegu film honetan. Istorioa indartsu hasten da, hezur batzuen agerpenarekin. Thriller sendo bat egiteko osagai guztiak ditu, droga trafikoa, heriotzak, anaien arteko gorrotoa, baina, nire ustez, ez da guztiz borobila.

Garizmendi baserrian gertatzen da dena. Karmenen haurdunaldiaren ostean gainbehera dator berarentzat. Baserriko anaia batekin ezkondu behar du, baina semeen aita beste anaia da. Urteak pasatu ahala, horrek arazoak ekarriko dizkio, eta istorioa korapilatzen hasiko da.

Egiaren bilaketan eta sortzen den zurrunbiloan galdu egin nintzen. Thrillerraren erritmoa une askotan mantentzen da, baina amaierara iristerakoan interesa galdu nuen bertan gertatzen zenaren inguruan. Filma ez da luzea, baina amaierako eszena batzuk soberakoak iruditu zitzaizkidan. Pena eman zidan horrelako sentsazioarekin geratzea, agian zerbait gehiago espero nuen film honen inguruan eta hori izan da sentsazio horren eragilea.

Rayok aurkeztutako lana bide onean doa, baina zuzendari berri honek bere ahotsa nola bideratu bilatu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.