HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Lehen hegaldia'

Amona

Idazlea: Jesus Mari Olaizola Txiliku. Ilustratzailea: Aritz Eiguren. Argitaletxea: Elkar.

2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Azkenaldiko joerarekin bat eginez, errealitatea eta fantasia gurutzatzera jolasten du obra honek, mitologiako pertsonaiak gure egunerokoan txertatuz.

Hanpatuta jarriz gero, direnak eta irudimenean baizik ezin litezkeenak era labainkorrean bereizten ditugun puntu hartan, hantxe eduki nahi gaitu obra honek.

Dena dela, liburuaren azalean bertan ikusiko duzue zein den kontaketa mugiarazten duen izaki mitologikoa, hemen aipatuko ez dudan animalia bitxia.

Izan, irakurraldi arineko obra da. Hogeita sei kapitulu ditu, ehun eta hirurogeita bost orrialde, dena bi atal nagusitan banatuta: lehenen atalean amonaren eskutik abiatzen gara abenturaren kronikan, eta bigarren atalean neskato protagonistak lekukoa hartzen du, istorioari azkena eman arte. Esango nuke ongi funtzionatzen duela narratzaileen banaketa honek, amonak tonua eta erritmoa jartzen dizkiolako kontaketari, eta neskatoak benetan jokoan dauden emozioen barne muinetara ailegatzen laguntzen digulako.

Zeren liburu hau abentura baten harira jositako obra izanik ere, egiaz horrek ez du deus inporta; benetan inporta duena irakurleari pertsonaien erretratuaren bidez helarazten zaiona da.

Horretarako pertsonaien karakterizazioaz baliatzen da idazlea, bakoitzari funtzio garbi bat ezarriz.

Protagonista, Alaitz, nerabea, abenturazalea eta zalantzatia da, arriskuak hartzeko desioa duena, baina murgil egiteko gazteegia izanik, cicerone abil baten premia duena.

Funtzio hori amonak betetzen du.

Amona salbatzailea da, ahalguztiduna, baina aldi berean oso humanoa, kaotikoa, eta gure gizartean familiako kide hauek duten garrantzi handiagatik, behar den lekuraino igota agertzen zaiguna. Amak sosegu falta erakusten du, saiatua da, baina zorrotzegia ingurukoekin. Azkenik, aita. Iparra galduta dabilen gizajoa dirudi aitak, berez ona omen da, baina bolada txarra pasatzen ari dela dirudi.

Nahiz eta estereotipo maiztuak erabili, irakurraldiak ez du karranka hotsik egiten, nahiko gozo joaten da, herensugearen zainketaren harian —hara!, esan dut sekretua—. Kontaketaren helduleku nagusia amona da. Haren presentziak irakurlea sosegatu egiten du, eta iruditzen zait horixe dela idazlan honen funtzio nagusia: nerabetxo zalantzatiei helduleku emozionalak eskaintzea. Bestalde, nerabeek gurasoekin izaten dituzten krisiak islatzeko aitaren osasun arazo batez baliatu da, eta asmatu egin duela esango nuke, barne krisiaren erretratuan lokaztea saihestu duelako —arintasun narratiboaren mesederako, bide batez—.

Sekulako txinpartak lortu gabe ere, aldeko ezaugarri mordoxka bat duela iruditu zait, eta guztien artean irakurraldi dinamikoa eta atsegina osatzea lortu duela.

Ilustrazioek ere aldeko puntua ematen diotela iruditu zait. Komiki erako eitea dutenez, haur kutsua saihestu dute, baina aldi berean irakurraldiaren mesederako diren lanak txukun konplitzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.