KRITIKA. Zirkua

Ametsetan bezala

Agus Perez.
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun

'Corteo'

Konpainia: Cirque du Soleil. Egilea eta zuzendaria: Daniele Finzi Pasca. Sorkuntza-zuzendaria: Line Tremblay. Musika: Jean-François Cote, Philippe Leduc, Maria Bonzanigo. Eszenografia: Jean Rabasse. Jantziak: Dominique Lemieux. Koreografia: Debra Brown. Argiak: Martin Labrecque. Lekua: Gasteizko Buesa Arena pabiloia. Eguna: Urtarrilak 29.

Iruñean orain gutxi egon ostean, Gasteizen dugu egunotan Cirque du Soleilen ikuskizun eder horietako bat. Zalantza batzuekin joan naiz Buesa Arenara, ea zer moduzko emaitza ematen zuen Quebeceko zirkuaren proposamenak porlanezko oskol erraldoi hartan, baina aitortu behar dut Jean Rabasseren disposizio eszenikoak nire itxaropen guztiak bete dituela, eta oso lagungarria suertatu dela emanaldiaren garapenerako: erdiko plataforma zirkularrak labirinto klasiko baten marrazkia irudikatzen zuen —beste sorpresa batzuk ere eduki ditu— eta italiar erako aho eszenikoa teloi zeharrargi batek ixten zuen, irudi alegorikoekin apainduta.

Haren atzean hasi da Mauro izeneko pailazo zaharraren hileta, aingeru hegalariak eta era guztietako pertsonaia xelebreak lagun, eta irudimenezko segizio horren kontura hasi da zirku-arte bikainenen erakustaldia. Oihal zeharrargia altxatzearekin batera baieztatu dugu pabilioiko beste erdian ere bazeudela gu bezalako ikusleak, eta, hortik aurrera, eszenako albo bietatik agertu eta desagertu dira artistak, bai oinez bai airetik, goi mailako ingeniaritza-egitura dinamiko bati esker.

Hasierako pasarte hori oso zamatua iruditu zait, eta zaila zen hiru lanpara erraldoietatik eskegita zeuden lau neska trapezisten jardunaz ondo gozatzea. Beharbada une horretan ez gara konturatu, baina kandela-lanpara haiekin argiztatzen ziren garai bateko antzokiak, eta Daniele Finzi Pascak haien omenez antolatu du Corteo ikuskizuna, Mauro pailazo zaharraren hileta malenkoniatsuan sinbolizatuz arte eszeniko zaharren ahanztura. Baina laster garbitu da agertokia larregizko zama estetikoaz, eta amaierako eszena batean bete-betean sartu gara aro barrokoko antzerkiaren eremuan, Romeo eta Julieta-ren eldarniozko antzezpen ezin dibertigarriago batekin.

Bitartean, era guztietako zirku-ekinaldiak ikusi ditugu, zein baino zein bikainagoa Cirque du Soleilen ohikoa den legez, eta ohiko arte-motekin batera —ohe elastikoak, Cyr gurpilak, uztaiak...— beste asko etorri dira. Haien artean, molde klasikokoak izan dira bai balantza bidezko eta barra horizontaletako jauziak bai uhaletatik zintzilikatuta eskaini diguten dantza. Beste batzuek, berriz, orain arte ikusitako guztia gainditu dute: eskailera akrobatikoko mutilaren balentriak ezin sinistuzkoak izan dira, eta haga eskegitako saioan bazirudien neskarentzat ez zegoela grabitate indarrik. Azkenik, arnasarik gabe utzi gaituzte bi egitura paraleloetatik —korear estazioak— hegan bidalitako gorputzek.

Hala ere, unerik sublimeenak pasarte onirikoetan etorri dira—bizikleta gainean eta airetik zihoan Mauroren irudia, kasurako—, eta bereziki polita izan da emakume nano batek egin duen ibilaldi poetikoa lau puxikatik eskegita eta ikusleek beraiek bultzatuta. Une haietariko batean, atzeko lerroan zegoen neskato batek gurasoei esan die: «Ez dut nahi hau inoiz amaitzea. Ametsetan egotea bezalakoa da!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.