Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA.

Ametsetako etxea defendatzea

Andoni Imaz
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Suro'



Zuzendaria: Mikel Gurrea. Aktoreak:Vicky Luengo, Pol Lopez, Ilyass El Ouahdani. Herrialdea: Herrialde Katalanak, Euskal Herria. Iraupena: 116 minutu.

Mikel Gurrearen lehen film luzea izanik, inpresioa eragiten dute Suro filmaren seriotasunak eta sendotasunak. Bikote baten (Vicky Luengo eta Pol Lopez) etxe eta bizimodu aldaketa abiapuntu hartuta, landaguneetan girotutako fikzio garaikideen barruan interes handiko bideak ibili ditu zinemagileak, askotariko gaiak ageri baitira filmean, eta haien garapenak ondo eusten baitie ekintzetan eta irudietan.

Bi hiritarrak landa girora eramanda, Gurreak aurrez aurre begiratu die bien artean eta haien eta munduaren artean sortzen diren loturei: idealak eta errealitatea nahasten dira, proiektatutakoa, desiratutakoa eta lortutakoa. Konturatu orduko zartatuko da filma irekitzen eta ixten duen irudi hori, biak plano bakarrean biltzen dituena, eta bakoitzaren gorabeherak kontatuko ditu ezinbestean beldurrek gidatzen duten narrazio batean.

Gurreak aktore talde on eta sinesgarri bat elkartu du, eta Luengo nabarmentzen da beste guztien gainetik, hari dagokiolako, gainera, istorioaren liderra izatea. Gainontzeko pertsonaien diseinuak ere lagundu egiten die klase eta arraza gatazken lanketari.

Filmaren egiturak horrelako istorio batetik espero litekeenari erantzuten dio, baina artelatzaren azala jotzen duen aizkorakada bakoitzak tentsioa aregotzen du. Zinemagileak soinu ezin aproposagoa aurkitu du han gizarteko bereizketez aritzeko, eta gatazka intimoak eta sozialak erakutsi ditu azalaren azpian gordeta, baita jabetzari buruzko gogoeta interesgarriak ere.

Zuhaitzak biluzten doazen heinean, thrillerrak hartzen du istorioa, eta, narrazioa bide askotan banatu arren, filmak gehienak garatzen ditu modu eraginkorrean. Gurreak, gainera, istorioa filmatzeko poetika bat diseinatu du, elipsi bakarrean hamaika kontraesan biltzeko gai dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.