'Lur eta Amets'
Zuzendariak: Imanol Zinkunegi, Joseba Ponce. Gidoia: Eneko Olasagasti, Karlos Zabala. Ekoiztetxea: Lotura Films. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 87 minutu.Amesten hasita, akaso egunen batean Hollywoodeko ekoizle, aktore edo zuzendari boteretsu eta mediatiko batek gure Braveheart kontatuko du. Modu epiko horretan, munduak gure historiaren zati ñimiño bat ezagutzeko aukera izanen luke; efektu berezi, antzezle ezagun, alfonbra gorri eta guzti. Ez da ahoberokeria hutsa; gure inguruan dagoeneko hainbat ibili dira ideia hori bueltaka zutela.
Nolanahi ere, ameskeria da besteek noiz kontatuko zain egotea, inportatutako suak noiz jaurtiko dituzten zain egotea, guk geurea ez badugu egiten, xumeago baina zintzoago. Transmititu, jakin-mina piztu, hunkitu eta dibertitu: erraz esaten da, nekez egin.
Zorionez, Lur eta Amets animazio filmak betetzen diru helburu horiek guztiak. Elkarlan txalogarri baten ondorioa da proiektua, eta gure historiaren pasarteetako batzuk istorio bihurtzen ditu, modu erakargarri eta atseginean gaztetxo zein helduei helarazteko.
Gisako egitasmo askotan ez bezala, ertz didaktikoa izanagatik Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce zuzendariek ez dute ahaztu zeintzuk diren animazio film baten ezaugarri garrantzitsuetako batzuk: erritmo egokia, koloreen kontrastea, neurriko umore tantak... Hori guztia, euskara dotorean.
Bistakoa da ez dela munduko aurrekonturik mardulenarekin egindako animazio filma, baina baliabideen aldetik diren gabeziak, gertutasun samur batekin, elkarrizketa biziekin eta pertsonaia identifikagarriekin orekatzen ditu Lur eta Amets-ek. Konplexurik gabe, zentraltasunetik.
Historiaren inguruko ipuin bilduma da filmaren oinarria, eta horixe bera da filmak duen baina nagusia: bilduma moduko bat dela azken emaitza. Horren ifrentzuan, filmak ikuslea gehiagorako gogoz utziko du, erraz irudikatuko baitu lehengai horren gainean ateratzen ahal den telesail aparta. Baina hori, jakina, telebista normal batez ariko bagina, eta hori beste istorio bat da...