KRITIKA. Antzerkia

Amets bat betetzeaz

Agus Perez.
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun

'1937'



Zuzendariak: Imanol Janices, Edu Serna, Irantzu Zabalza, Nerea Martinez. Parte-hartzaileak: Iruñeko Jaso ikastolako DBHko ikasleak. Lekua: Tuterako Gaztanbide antzokia. Eguna: Urriak 5.

Mikelen aitona Gernikako bonbardaketan hil zen, 1937ko merkatu egun hartan, eta haren omenez aurkeztuko du bere burua triskantza hura gogoratuko duen musikal baterako castingean. Aitonari zor dio, eta amonari ere bai, are gehiago jakinda musikala ikustera etorriko dela. Baina gauzak konplikatu egingo dira, boteretsuen jukutria eta azpijokoak tarteko, eta amets polit hura amildegiaren ertzean geratuko da, mirari baten esperoan.

Horraino Iruñeko Jaso ikastolako DBHko ikasleek aurtengo emankizunerako prestatu duten argumentuaren hasiera. Ez dago gaizki gero, are gehiago kontuan izanda beraiena dela gidoia idaztearen ardura. Eta ez hori bakarrik, emanaldiaren gainontzeko arlo guztiak haien esku egon direlako, halako moldez non kritika honen fitxa teknikoan haien izen guztiak ezin izan baititut sartu, berrogeita hamar baino gehiago direlako. Esan dezagun bakarrik taula gainean hogeita bat direla antzezleak, bost dantzariak, sei akrobatak, hiru zuzeneko musikariak —pianoa, biolina eta saxofoia—, multimediaz sei arduratu direla, atrezzoaz bederatzi, eta soinu zein argi teknikariak bi izan direla, ama jostunen taldearen rola ahantzi gabe.

Ez gaude, beraz, ikasturte amaierako lan eszeniko baten aurrean, begirune osoz esanda hainbat eta hainbat ikastetxetan ahalegin handiz egiten diren ekitaldien aurrean. Kontua da oraingo honek eta iaz Iruñeko Baluarten ikusi nuenak berez, askoz gehiago dira atera dituztenak benetako musikalen maila daukatela, bai argumentuaren konplexutasunari bai pertsonaien dentsitate eta barne bilakaerari begira; eta, gainera, kalitate nabarmena dute argien diseinu bikainak, jantzi dotoreek eta dekoratu dinamikoek. Azkenik, musika da osagai nagusia horrelako ekimen batean, eta alde horretatik aipatzekoa da Pello Reparazen eta Javier Ruizen rola partitura musikaletan eta inspirazio handiko musika sortaren hautaketan.

Eta gero beste kontu asko daude, ni behintzat bereziki hunkitzen nautenak. Esate baterako, eragile askoren elkarlana proiektu bat aurrera eramatearren. Esate baterako, non eta Tuteran antzoki bat polito beteta ikustea euskarazko emanaldi batekin —goizekoa guztiz bete da bertako ikastaldeekin—. Esate baterako, emanaldiaren mezu nagusia laguntasuna izatea, behar duenari «zure alboan nago» esate hori, porrot egiteko zorian zegoen musikal haren partaideek Mikeli «hemen gaude, zu laguntzeko prest» esan diotela entzutea. Une zirraragarriak izan dira, benetan, eta taula gaineko antzezle askok malkoei eutsi ezinik erakutsi dute beren emozioa gerrako biktimei eta elkartasunari eskainitako lan honen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.