Thrillerraren eta best seller-aren parametroetan kokaturiko 2011ko Argiaren erreinua nobela argitaratu ostean, 2016ko azaroan kaleratu zuen Joseba Lozanok hizpide dugun Herioaren mandataria eleberria. Protagonista nagusia Marco Berling medikua da, eta iraganean hiriburuko ospitalean eutanasiaren praktikak burutzeagatik ezarritako hiru urteko inhabilitazioko zigorra dela eta, depresioak jota zentro psikiatriko batean denboraldi bat pasatzen du.
Edonola ere, nobelaren hasieran sona handiko Oscar Miller idazle hipokondriako eta misantropoaren etxeko mediku lanpostua lortzen du, eta idazlearen kostaldeko etxe bakartian bizitzen geratuko da. Horrela, bizimodu aski lasaia eramateko baldintza egokiak izan arren, gauero izaten dituen amesgaiztoek asaldatzen dute Berling. Irudi kate eta gertaera segida batean bezala lotzen zaizkio amesgaiztoak: etenaldi gabe, ametsen segidak beste hiru lagunekin batera hilketa bat bestearen atzetik burutzen dituzten ehiztariak balira bezala, lehendabizi animaliak akabatzen eta ondotik, jendea hiltzen amaitzen dute, heriotza ankerrak burutuz eta biktimei lepoa moztuz, besteak beste.
Kostaldeko etxe bakartia inguratzen duten parajeek ere zeresan handia dute. Etxe inguruko mortuan dauden hondakinak, itsaslabarren ondoan abandonaturiko itsasargian bizi den emakumearen bizitokia edota bestelako inguruneak ere kondaira zaharrez beterik baitaude, eta elementu horiek guztiek ere eite onirikoa ematen diote medikuaren bizitoki berriari. Eta Marco pixkana-pixkana joango da herriko biztanleekin harremanak izan eta kondaira horiez guztiez jabetuz.
Une batetik aurrera, ordea, amesgaiztoak eguneroko bizitzan haragitzen hasiko zaizkio protagonistari, ametsen eta errealitatearen langa lausotuz, eta ia erotzerainoko efektua sortuko dute medikuarengan. Izan ere, amesgaiztoetan bezala, ehiztariak medikuari jazartzen hasiko zaizkio, eta ez da denbora asko pasako kostaldeko herri lasaian ere aurreneko hilketak gertatzen hasteko. Horrenbestez, amesgaiztoko elementuen antzeko gertakizunak jasaten hasiko da medikua, eta, azkenean, Miller idazleari kontatuko dio bere sekretu eta ezinegonaren arrazoia. Thriller eta suspensearen osagaiek zedarritzen dute nobelaren garapena, eta, orriek aurrera egin ahala, osagai horien erritmoa ere biziagotuz joango da, ezusteko amaierara arte.
Dena den, eta liburuak bukaera itxi biribila izan arren (biribilegia eta brastakoegia akaso), irakurle hau, ez hotz ez bero, epel utzi du nobelaren bilakaerak. Protagonistaren ezinegona areagotuz joan ahala, inguruko pertsonaiek harri-kartoizkoak dirudite zenbaitetan, intriga areagotzeko agertu eta desagertzen direnak, hain zuzen. Bestetik, emakumezko pertsonaiek jokatzen duten rola ere hala-moduzkoa da, gizonezkoen objektu huts bilakatzen baitira (euren izaera bigarren mailan utziz), nahiz eta ekintza-katearen garapenean oinarrizko elementu ere badiren.
Azken batean, medikuaren inguruan bilbatzen dira korapilo guztiak, eta suspensearen eta misterioen osagaiak areagotzeko mekanismoak protagonistaren izu laborriaren bilakaera erakustea dute helburu. Eta baiki, nobelak hori islatzen asmatu duela aitortu behar da.
'Herioren mandataria'
Amesgaiztoen haragitzea
Egilea: Joseba Lozano. Argitaletxea: Erein. Generoa: Eleberria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu