Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Bereziak

Amesgaiztoa

Dominik Mollek zuzendutako filmeko irudi bat.
Beñat Eizagirre Indo.
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
'Le Moine'

Zuzendaria: Dominik Moll. Aktoreak: Vincent Cassel, Deborah François, Josephine Japy, Sergi Lopez, Geraldine Chaplin, Catherine Mouchet. Herrialdea: Frantzia-Espainia. Iraupena: 101 minutu.

Dominik Moll alemaniar jatorriko zuzendari frantziarra da, eta haren Harry, un ami qui vous veut du bien eta Lemming aurreko filmak Canneseko Sail Ofizialean estreinatu ziren. Ez dut uste haren lanik berriena Cannesen onartuko zutenik, benetan kaskarra baita. Jasanezina da, inolako zentzurik ez duen istorio txepela. Ez du inolako sinesgarritasunik, eta filma hasi eta berehala aretoa uzteko tentazioari eustea ez da erraza suertatzen. Filmak ez du une batez ere konbentzitzen, eta, denbora pasa ahala, pantailan gertatzen denetik urruntzen joaten zara. Ez du interesik pizten, eta pertsonaiak itzal desitxuratuak bilakatzen dira. Pelikula ez den beste edozertan pentsatzera gonbidatzen du Mollek egiten duen proposamenak, eta tortura lehenbailehen amaitu dadin errezatzea besterik ezin daiteke egin. Zabaltegi-Bereziak sailean ikusi ahal izan den txarrena dela esan daiteke zalantza izpirik gabe.

Monasterio batean

Toledoko kaputxinoen monasterio batean gertatzen da istorioa, eta fantasia ukituak ditu. Satanen mehatxuak eta magiak ez diote kontakizunari mesederik egiten; zirrikitu askotxo ditu fantasiaren bidez istorioa onargarria edota interesgarria bihur dadin. Mirari batek ere ez luke zinta sutatik salbatuko. Vincent Cassel aktore ezagunak haragitzen duen monjeak jokaera eredugarria darama, eta fededunek izugarri miresten dute. Monje zintzoari amets batek erasotzen dio maiz, eta amets horrek duen esanahia argitzen saiatuko da. Ez da Freud izan beharrik pasatzen zaiona jakiteko. Egoerak ez du askorik iraungo, eta haragiaren morroi bilakatuko da laster. Amesgaiztoa ahalik eta azkarren amaitu zedin erregutu diot Jainkoari, baina alferrik izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.