'Erdibana'
Zuzendaria: Begoña Bilbao. Antzezleak: Jose Ramon Soroizeta Iker Galarza. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 8.Amak ez du hil nahi. Orain dela hamabost urte enbolia bat izan zuen, eta harrezkeroztik seme batek zaintzen du. Baina orain pazientzia agortu zaio eta beste plan batzuk ditu. Gauzak, ordea, konplikatu egingo dira beste semea etxean agertu eta balizko herentziari buruz ika-mikan hasten direnean.
Jordi Sanchez eta Pep Anton Gomez katalanek idatzitako komedia honek tanto guztiak dauzka arrakastatsua izateko, eta horren seinale da hizkuntza batzuetara itzuli dela, euskarara barne. Dialogo biziak ditu, bizitza bera bezain naturalak diren egoerak, eta denon gogoan dauden kontuak aipatzen ditu: adinekoen zaintzak dakarren nekea, bi anaien arteko harreman gorabeheratsuak, diruaren usainak pizten duen sukarra...
Benetako komedia mamitsuetan bezala, pertsonaiak ondo definituta daude erabateko arketipoak izan gabe, eta nolabaiteko eboluzio pertsonala igartzen zaie argumentua aurrera joan ahala. Kasu honetan, ordea, haietariko bakoitzaren garapen pertsonala gutxienekoa da —azken finean, gau bakar batean gertatzen da dena—, baina emanaldian zehar elementu asko jaso ditugu bakoitzaren soslaia eta motibazioak hobeto ezagutzeko, eta ariketa horri esker erraz iraun du bizirik interesaren sugarrak.
Txalo ekoiztetxearen ohiko estiloan, Agatha Christieren eleberri bat girotzeko moduko dekoratu naturalista paratu dute. Larritasuneraino naturalista esango nuke, baina oso txukuna bere estetikan, eta kasu honetan aitortu behar dut bere konbentzionaltasun usatuan efikaza izan dela, eta nahiko lagungarria ere bai dramaturgiak eskatutako mugimendu eta ekintza txikietan.
Azkenik, Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartza gozatzen ibili dira nor bere rolean, eta, inolako informazio osagarririk ezean, lepoa egingo nuke euren neurrira egin dela testuaren euskaratzea. Izan ere, nire susmoa da zuzendariaren abilezia izan dela haietariko bakoitzari naturaltasun osoz jarduten uztea, bai euskararen tratamenduari bai dikzioari begira ere, eta gauza bera gertatu dela antzezle bien jarduera eszenikoan. Bide horretatik, bikote eszeniko ederra osatu dute Soroizek eta Galartzak, eta Arriaga antzokia polito bete zuten ikusleek txalo zaparrada beroekin eskertu zuten antzezle bien lana.