KRITIKA. Gasteizko 39. Jazzaldia

Amaiera dotorea

2015eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
James Brandon Lewis Trio, eta Herbie Hancock eta Chick Corea

Lekua: Principal antzokia eta Mendizorrotzako kiroldegia. Eguna: Uztailaren 18a.

Gasteizko Jazzaldiaren 39. edizioak amaiera dotorea izan zuen aurreko larunbatean, bai Principal Antzokian, XXI. Mendeko Jazza izeneko atalean, eta baita Jazzaldiaren areto nagusian ere, Mendizorrotzako kiroldegian, alegia. Areto txikian, James Brandon Lewis 32 urteko saxo tenore jotzaile eta musikagile amerikarrak berak argitaratutako azken lana ezagutarazi zigun, Divine Travels. Saxo, bateria eta kontrabaxu egituraren barruan, Lewisek indartsu eta irudimen handiarekin eta inolako lotsa eta eragozpenik gabe eskaini zigun bere diskurtso musikala. Bere soinuak eta, batez ere, inprobisazioaren luzerak Sonny Rollinsena gogorarazten digu. Baina badira beste hainbat eragin jazz aurreratu eta eguneratu bat jorratzen duen musikari honengan, hala nola gospela, free delakoa, edota inoiz avantgarde deitu zuten hori.

Gazte izanik, ez zion rap eta hip hopari ekiteari ere uko egin, ikusleriaren gozamenerako. Halaber, bere aitzinekoei ekarpen ederra egin zien: Don Cherry goraipatu zuen, sakelako tronpeta jotzeaz gain jazz aurreratua jorratzegatik ezaguna izan zena bere garaian eta gaur erabat ahantzita dagoena, eta omenalditxoa eskaini zion Bamako love joz. Jo zituen beste abesti guztiak Brandon Lewisek idatzitakoak ziren.

Paco de Luciaren omenez

Iluntzeko saioan, Mendizorrotzako kiroldegian, bi piano jotzaile mitiko taularatu ziren: Herbie Hancock eta Chick Corea; maisua eta ikaslea. Bikotea 1978an egindako kontzertu mitikoak (urte horretan argitaratutako An Evening With Chick Corea & Herbie Hancock In Concert diskoak jasotzen duena) berpizten ari dira aurten Europan zehar. Eta larunbatean Gasteiztik pasa ziren. Hasteko, esan behar dugu bi artista horien arteko harremana maisu eta ikasle parametroaren barruan kokatu behar dela, eta hala gertatu zen larunbateko saioan, non maisua (Herbie Hancock) musika egitera jarri zen bitartean ikasleak (Chick Corea) ikuskizuna sortzen eta ikusleriaren parte-hartzea bultzatzen ziharduen.

Ekitaldia alde ezagunetatik igaro zen beti: All blues, La Fiesta, Maiden Voyage eta abar jo zituen bikoteak. Herbie Hancockek bere soinu elektronikoak ere sartu zituen. Esan dudanez, ikusleriaren parte-hartzea eskatu zuten, eta lortu ere bai, gainera. Amaitzeko, Chick Coreak asmatutako Spain, Joaquin Rodrigo Maisuaren El concierto de Aranjuez ederrean oinarria duen abesti famatuari ekin zioten, alaiki, Gasteizko Jazzaldiaren aurtengo ekitaldiari bukaera biribila emanez.

Benetan gitarra jotzaile famatu zenak merezi zuen omenaldi hau. Hala ere, izugarri sentitu dugu aurtengo ekitaldian Juan Claudio Cifuentes Cifu zenari benetan merezi zuen omenaldi baten falta; edota, gutxienez, aipamen bat antolatzaileen aldetik. Zorionez, larunbateko azken emanaldia dastatzen ari ginen bitartean bagenekien jazzale amorratu eta musika horren dibulgatzaile handia izan zenari omenaldi hori eskaintzen ari zitzaizkiola Euskal Herriko beste herri batean, Arabako Errioxako Eltziego herrian hain zuzen ere. Gaitz erdi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.