Theo Croker / Woman to Woman / Ruben Blades eta Roberto Delgadoren Orkestra
Lekua: Mendizorrotzako kiroldegia. Eguna: Uztailak 15.Jazzaldietako amaierak ez dira samurrak izaten, guztiok geratzen garelako ekitaldi gehiagoren zain. Baina azken egunean gozatutako emanaldiak onak izan badira, eta aseta geratzen baldin bagara, hobeto igaroko ditugu datorren jazzaldira bitarte geratzen zaizkigun egun luzeak.
Larunbatean, askotariko musikak erabat asetu gintuen. Hasteko, Theo Croker tronpeta jotzaileak bere azken lana, Escape velocity, eskaini zigun Principal antzokian. Lau musikari gogotsuk lagunduta, gitarra eta baxu elektrikoak, bateria eta pianoa, groove, funk eta blues doinuz hornitutako jazz indartsu bezain irensgarria eskaini zigun. Aurreko egunean Linda May Han Oh-ren taldearekin gertatu ez zena larunbatean gertatu zen Theo Crokerren taldearekin: jazzaren historian erroak dituen musika egiten zuten. Ez zen noraezean ibili taldea; musikariek bazekiten zein helburu zuten.
Jazzaldiaren astean Gasteiz jazzez blai egon da, eta edonon izan dugu jazza entzuteko aukera. Horietako leku bat Aiztogile kaleko Dazz taberna izan da. Egia esanda, taberna horretan urte osoan programatzen da jazza era erregular batean, eta ostiralean Juan Sebastian Vazquez piano jotzaile gasteiztarrak, Jesus Guridi Kontserbatorioan hazitakoak, jo zuen, kontrabaxuak eta bateriak lagunduta. Nire harridurarako, Theo Croker, bere emanaldia amaitu ondoren, zuzenean haraxe joan zen, Juan Sebastianekin Body & Soul eder bat jotzera. Hori da benetako jazza. Ahaztezina.
Iluntzeko saioa, Mendizorrotzako kiroldegian, ez zen gutxiago izan. Han, bi atal eder dastatzeko aukera izan genuen. Lehenengo zatian, Woman to Woman taldea aritu zen. Sei musikari bikainek osatutako taldea da, guztiak emakumeak. Tamalez, oso urria da emakume musika-jotzaileen presentzia jazz musikan, abeslariaren tokian ez denean. Talde honek erakutsi du —orain arte ez zekitenei, behintzat— emakumezkoak diren oso musika jotzaile handiak egon badaudela jazzaren arloan ere. Renee Rosnesek bikain zuzentzen du taldea pianoaren teklatutik, Noriko Uedaren eta Allison Millerren oinarri erritmikoa duena eta Melissa Aldanak (saxoak), Ingrid Jensenek (tronpeta) eta Anat Cohenek (klarinetea) ederki osatzen dutena. Hala ere, Cecil McLorin-Salvant abeslariari, tartean dabilenean, inork ezin dio ukatu bere goi mailako lekua eta protagonismoa. Abeslari honek ikusleak erabat bereganatu zituen lehenik Mercedes Sosaren Gracias a la vida izugarri bat eta ondoren Alfonsina y el mar abestu zituenean. Hasiera ederra.
Eta jaiari gogoz jarraitzeko eta jaialdiari amaiera emateko, zer hobe salsa apur bat baino. Horretan maisua izan da urte askoan Ruben Blades abeslari, politiko, abokatu, idazle eta aktore panamarra. Fania All Stars-en garai zoriontsuetatik, musikari guztiekin abestu, dantzatu eta gozatu du. Larunbatean, Roberto Delgadoren Orkestrarekin abestu zuen, soinu aldetik oso txarto ekoitzitako ekitaldi luze batean, Caminando, adiós y gracias izenaren pean. Saltsa jotzeari utziko dio aurtengo bira amaitzen duenean. Hala esan zuen, behintzat.
Eta berrogeita hamar urteko ibilbideari agur esateko, urte horietako abestiz osatu zuen emanaldia, baita gogoz abestu ere. Egia esan, ez zuen bat ere ahaztu: Ligia Elena, Juan Pachanga, Mack The Knife (ederra jazz aireekin, big band batek lagunduta bezala, jazzaldi batean zergatik zegoen txantxetan justifikatzeko), Prohibido olvidar eta, nola ez, Pedro Navaja arras ezaguna. Horiek hamazortzi abestiren artean, non ez zen falta izan Buscando América ezin ederragoa.